argia.eus
INPRIMATU
Donostiako Metroaren kontra, Kontxara martxa egingo dute larunbatean
  • Satorralaia bizilagunen mugimenduak deituta, larunbatean 12etan Easo plazatik atera eta Kontxako erlojuetan amaituko da Metroaren kontrako martxa. Gogor salatu dute Espainiako Itsasertzetako Zuzendaritzak obra hau Kontxako hondartzaren azpian eraikitzeko eman berri duen baimena.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko uztailaren 14a

“Astakeriatzat” jo dute Donostiako Metroa Kontxaren azpitik igarotzeko baimena eman izana, eta Eusko Jaurlaritzak Espainiako Itsasertzetako Zuzendaritzari bidalitako txostenean manipulazioak daudela salatu dute. Xehetasunez beteriko hainbat txosten aurkeztu Satorralaiako kide batek, itsas lurrak kaltetuko dituztela, eta Jaurlaritzaren manipulazioa agerian uzteko asmoz.

Kezka adierazi dute Itsasertzeko Zuzendaritzak ez dielako erantzunik eman alegazioak egin zituzten 156 pertsonei, eta Kosten txostenaren kopiarik ere ezin delako eskuratu: “Berriro ere Administrazioaren jarduera opako batekin topo egin dugu” salatu dute. 

“Mirakontxa-Easo” zatia eraikitzeko joan den astean hiri-erdialdean eta Amaran  desjabetzeak egiteko prozedura hasi dela jakin araztearekin  batera, uztailaren 20ean kaltetuen asanblada bat egiteko deia luzatu dute.

Bizilagunen mugimenduarentzat “gehiegikeria eta zentzugabekeria da 200 milioi euro gutxienez xahutzea bisitariak hiri-erdialderantz 400 metro hurbiltzeko”. Itsas lurretan ez ezik, Metroak hirigunean eta hurbil dauden 311 eraikinetan egingo dituen kalteak eta espazio publikoaren galera azpimarratu dituzte.