Donostiako metroaren “inposaketari” arbuio soziala adierazteko hiriko Udalbatzara joateko deia egin du Satorralaiak. Osteguneko 13:00etan eztabaidatuko dute gaia, beraz 12:30ean aretoan azaltzeko deialdia egin du eragileak.
Hainbat punturekiko desadostasuna adierazi nahi du Satorralaiak, zabaldu duten oharraren arabera. Udal Gobernuari aurpegiratu diote eztabaida publikoari eta gizartearen parte-hartzeari uko egin diotela; eztabaida biderik ireki ez, eta ehunka bizilagunek egindako eskaerari “muzin” egin diela esan dute.
Milioi askoko kostua duen proiektua justifikatzeko “gezurrak” esan dituztela adierazi dute. Eusko Jaurlaritzak erabilpen aurreikuspenak puztu eta gezurra esan duela salatu dute, halako azpiegitura handiekin egin ohi den antzera, eta Altzako geltoki “mamuaren” adibidea jarri dute. Trukean, berriz, “belaunaldi oso baterako politika sozialak eta inbertsio publikoak baldintzatu eta hipotekatzen” direla esan dute. Erantsi dute ikerketen arabera pasanteak hiriko auto erabileraren %1,5 soilik bereganatuko lukeela, eta ez dagoela ikerketarik bestelako garraio publikoetan izango duen eragina zehazteko.
Hain justu, bestelako garraio publikoa indartzea proposatu dute alternatiba bezala. Euskotren, Dbus, Renfe eta Lurraldebusen arteko loturak indartzea proposatu du Satorralaiak.
Beste deialdi bat ere zabaldu dute; maiatzaren 29, astelehena, bizilagun eta gizarte eragile guztiei dei egin diete antolatu duten batzarrean parte hartzeko, arratsaldeko 19:00etan Amarako eskolan.