Eusko Jaurlaritzak Donostian eraiki nahi duen Metroaren proiektua informazio publikora atera du uztailaren 3a arte. Data hori baino lehen alegazioak aurkezteko deia egin dute Donostiako AHTren aurkako taldeko kide batzuk.
Metroaren egistasmoaren aurkako hainbat alegazio landu eta hiriko bizilagun eta talde sozialei zabaldu diete txostena. Bertan, Donostiako Metroaren egitasmoak dituen gabeziak eta eragingo lituzkeen kalteak azaldu dituzte.
Bestelako garraio alternatiba batzuen azterketa falta egotzi diote Eusko Jaurlaritzari txostenean. Lehenagotik planteatutako garraio aukera anitzak berrikusi eta analisi konparatibo bat falta dela salatu dute.
Lurraldearen oreka ikuspegitik, metroaren ibilbideak diseinu erabat zentralista duela ere adierazi dute txostenean, eta espazio fisikoari eta ingurugiroari begira Kontxako hondartza azpian metroa eraikitzeak suposatuko lukeen “aberrazioa” salatu dute.
Metroak izango lukeen errentagarritasun ekonomiko eta sozialaz ere azterketa falta egotzi diote Eusko Jaurlaritzari, eta metroaren egitasmoak “eredu metropolizatua” indartzea bilatzen duela salatu dute, bai sozialki eta bai lurraldetasunari begira.
Landutako alegazioak izenpetu eta Donostiako Easo plazako Euskotren geltokian aurkeztu edota Eusko Jaurlaritzaren Inguramen eta Lurralde Antolaketa sailak Gasteizen duen helbidera postaz bidaltzeko deia egin dute txostenaren egileek.
Bestalde, asteazkenean gai honen inguruko batzar informatiboa eginen dute AmaraBai Amarako Auzo Elkartean, 19:00etan. Bertaratzeko eta deialdia zabaltzeko eskatu dute antolatzaileek.