argia.eus
INPRIMATU
Donostiako metroaren auzia: instituzioen jarrera salatu du Satorralaia mugimenduak Arartekoaren aurrean
  • Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Donostiako Udalaren jarduera salatu du Satorralaia Donostiako metroa gelditzeko mugimenduak. Adierazi duenez, “botere publikoak herritarren partaidetzarako eskubidea hutsean uzten ari dira”.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2017ko urtarrilaren 26a
Metroaren aurka egindako manifestazioa Donostian (Arg: Angula berria)

Administrazioak izandako jarrera aztertzeko eskatu dio Satorralaiak Arartekoari. Mugimenduaren ustez, egitasmoan erantzukizunak dituzten erakundeek neurriak hartu behar dituzte herritarrek proiektuaren inguruko erabakietan parte hartu ahal izateko.

Azaldu duenez, 8.916 donostiarren sinadurak bildu zituen plataformak uztailean, Gipuzkoako Foru Aldundiak egitasmoaren finantzazioari buruzko herri galdeketa bat egin zezan. Eskaerari ezezkoa eman zion erakundeak. Satorralaiaren ustez, herritarrek erabakietan parte hartzeko duten eskubidea hutsean utzi du modu horretan Gipuzkoako Foru Aldundiak.   

Donostiako alkateak ere adierazi du ez dela bideragarria herri-kontsulten udal arautegiaz baliatzea Metroaren pasanteari buruzko herri galdeketa bat egiteko, “Udalak ez duelako gai horretan inolako eskumenik, ezta eskuhartzeko aukerarik ere”.  

Eusko Jaurlaritzari dagokionez, egindako eskaerek erantzunik ez dutela izan azaldu du plataformak.