argia.eus
INPRIMATU
Donostiako metroaren aurka larunbatean egingo den manifestaziora joateko deia luzatu du Satorralaiak
  • Satorralaia bizilagunen mugimenduaren ustez metroaren lanak eten behar izatean “proiektuaren zentzugabekeria egiaztatu baino ez du egiten”. Manifestazioa azaroaren 14an abiatuko da eguerdiko 12:00etan Koldo Mitxelenatik.

ARGIA @argia 2020ko azaroaren 12a
Satorralaiaren prentsaurrekoa larunbaterako manifestaziora joateko eskatzen (arg.: Satorralaia)

Donostiako metroko lanetan izan diren gorabeherei buruzko iritzia emateko eta larunbatean egingo den manifestaziorako deia luzatzeko prentsaurrekoa egin du ostegunean Satorralaia mugimenduak. Manifestazioa Koldo Mitxelena Kulturune paretik abiatuko da eguerdiko 12:00etan eta Bulebarrerainoko ibilbidea egingo du.

Satorralairen ustez, obrek izandako arazo larriek, hala nola gainkostuak –%80koa baino gehiago– eta lanak eten behar izateak, agerian uzten dute proiektuaren egoera "kaotikoa" eta metroaren “zentzugabekeria”. Azaldu dutenez, Donostiako ibai-marea lur hareatsuak ari dira zulatzen eta horrek Donostia erdialdeko eta Amara auzoko lurpea desegonkortzeko arriskua dakar: “Ezjakintasun izugarriarekin diseinatu da”.

Iñaki Arriola Ingurumen sailburuak obren gainkostuak estaltzeko beste esleipen bat egiteko agertu asmoa “onartezina” dela dio metroaren kontrako mugimenduak: “Are gehiago egungo krisi egoeran, proiektu honek gizarte arloko hainbat premia atzeraezin eta lehentasunezkoei erantzuteko behar-beharrezkoak diren baliabideen xahuketa ekonomiko justifikaezina dakarrenean”.

Metroa ez dute inondik inora beharrezko ikusten eta gogorarazi dute badaudela garraio publikoa eta trenbide sarea hobetzeko beste proposamen batzuk. “Hori gutxi balitz, eraikuntza lanetan arazo larriak sortu dira orain, eta langileen eta herritarren segurtasuna jarri da arriskuan”, gaineratu dute.

Hala, Satorralaiaren arabera kezkagarria da metroaren lanen inguruan Eusko Jaurlaritzak eta Donostiako Udalak agertu duten “iluntasuna” eta azalpenak emateko borondate falta. Hori guztiagatik deitu dute larunbateko manifestazioan parte hartzera, Zer gehiago gertatu behar da? Orain da unea: ardurak argitu, metroa behin betiko gelditu! lelopean.