argia.eus
INPRIMATU
Donostiako metroaren aurka ehunka lagun batu dira
  • Donostian eraiki nahi duten Metroaren kontra, manifestazioa egin zuten ehunka lagunek Satorralaia bizilagunen mugimenduak deituta.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko uztailaren 17a

Donostian metroaren pasantearen proiektua gelditzea aldarrikatzeko Kontxara egin duten martxa, eguerdiko 12etan Amara-Easoko tren geltokitik abiatu da eta manifestazioaren buruan “METROARI STOP” leloa osatzen zuten kartel handiak hartuta, martxak hiri-erdialdeko kaleetara zabaldu du aldarrikapena.

Manifestazioa Kontxako Erlojuetan amaitu da, eta hor ehun bat lagun hondartzara jeitsi dira “Metroa Kontxaren azpian. Erokeria!” zioten bi pankarta azpiegitura honen trazaduaren gainean zabalduz 20 minutuko ekintza sinbolikoa egiteko.

“Metroaren pasantearen egitasmoa gelditu eta auzi honetan herritarren parte-hartze bete eta zuzena sustatuko duen eztabaida eta erabaki prozesu parte hartzaile bat ireki behar dela” aldarrikatu dute.

Protestekin jarraituko dutela iragarri dute eta datorren ostegunean hilak 20 asanblada batera deitu dute, arratsaldeko 7etan Amarako Eskoletan. Izan ere, joan den astean hiri-erdialdean eta Amaran desjabetzak egiteko prozedura abian jarri zuen Eusko Jaurlaritzak, eta bizilagunekiko gardentasun faltak kezkatu ditu Satorralaiako kideak.