argia.eus
INPRIMATU
Donostiako metro proiektuaren auziak Eusko Jaurlaritzara egin du jauzi
  • Sator Alaia Donostiako metro proiektuaren aurkako taldea hiriko alkate Eneko Goiarekin batzartu zen astearte arratsaldean. Bileran “eztabaida eta erabaki prozesu parte-hartzaile bat” irekitzea eskatu zuen mugimenduak. Bere aldetik, eskaera Eusko Jaurlaritzara helarazteko konpromisoa hartu zuen alkateak. Horren aurrean, “proiektua gelditzeko eta herritar zein talde sozialekin iritziak elkartrukatzeko” premia helarazi nahi izan dio Sator Alaiak Eusko Jaurlaritzako sailburu Ana Oregiri.

Iker OƱate Aiastui @iker_onate 2016ko otsailaren 11
Mobilizatzen eta eztabaida publikoa sustatzen jarraituko duela iragarri du mugimenduak. (Arg: Sator Alaia)

Legegintzaldiaren hasieran Donostiarako mugikortasunaren auziari irtenbidea emateko konpromisoa hartu zuen Oregik: “Udalarekin, Diputazioarekin eta hiritarrekin mahai batean eseri beharko dugu, Donostiarako garraio-biderik egokiena zein den pentsatzeko”. Horregatik, mugimenduaren iritziz ulertezina da metroaren auzian Eusko Jaurlaritzak “parte-hartze publikoa zeharo urratzen duen bidea” hartu izana.    

Bestalde, Sator Alaiak dei egiten die Donostiako talde eta pertsona guztiei mugimenduan parte hartzera. Bitartean, “mobilizatzen eta eztabaida publikoa sustatzen” segituko duela iragarri du herri mugimenduak. Asteazkenean egin zuten orain arteko azken elkarretaratzea, metroaren eraikuntza-proiektuko zundaketa geoteknikoen lanak salatu eta geldiaraztea eskatzeko.