Manifestazioa deitu du Satorralaia kolektiboak Donostian, metro proiektuaren aurka larunbaterako. "Metroa gelditzeko Donostiako bizilagunen eta elkarteen batzarrak gai hori hirian eta auzoetan zabal eztabaidatu dadin proposatzen du; eta garraio publikoko alternatiba malguagoak eta kostu ekonomiko txikiagokoak egon badaudela kontuan hartuta, Eusko Jaurlaritzari proiektua geldiarazteko eskatzen diogu, erabakiak hartzeko orduan herritarren parte hartzea sustatzeko", diote.
Satorralaiako kideek 100.000 liburuxka banatu dituzte Donostian etxez etxe Metroaren aurkako argumentuak azalduz. Bertan jaso dute "metroa ez dela Donostiak behar duen egitura" eta egungo garraio publikoa indartzeko neurriak proposatzen dituzte.
Gogorarazi dute 2013an Eusko Jaurlaritzako sailburu Ana Oregik Donostiako metroa "obra faraonikotzat" deskribatu zuela eta geldiarazi egin zuela. "Ondoren, ordea, berriz ere bultzada eman diote, parte hartze publikoa nabarmen mugatzen duen tramitazio hertsi bat inposatuta".
"Aurrekontua 173 milioi eurokoa bada ere, benetako kostua 200 milioitik gorakoa izango litzatekeela aurreikusi daiteke –diote Satorralaiatik–, zailtasun tekniko handiko obra batean gertatu ohi diren gainkostuen eta ustekabeen ondorioz. Hau da, Lugaritz-Kontxa-Easo zatiko (4'17 kilometro) metro bakoitzaren kostua 50.000 euro inguruan koka liteke".
"Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Aldundiak eta Donostiako Udaletxeak gaia jorratzean daukaten gardentasun eza" salatu dute, baita proiektua aurrera doala "iluntasun eta kezkagarri zaigun sekretismoarekin". Gai honekin lotuta, salatu dute Eusko Jaurlaritzak eraikuntza proiektuak esleitu dituela alegazioei erantzun gabe.
Satorralaiako kideentzat, "Donostian Metroa eraikitzea disparatea da eta ez dago justifikatuta ez dimentsio urbanoagatik ezta gure hiriko eskaera sozialagatik". Beren ustez, proiektuak negatiboki eragingo lioke DBus autobus zerbitzu publikoari, baina ez luke garraio pribatuaren trafikoa murriztuko". Eraikuntza eta mantentze gastu handiak salatu dituzte.
Informazio gehiago:
Sator Alaiak banatu duen liburuxka PDF formatuan.
Zer gertatzen da metroarekin, bideo-erreportajea Piztu.info-n.