argia.eus
INPRIMATU
Donostiako Metro proiektua epaitegietara eraman dute, prozeduran irregulartasunak salatuz
  • Satorralaia bizilagunen mugimenduak salaketa jarri du EAEko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salan Donostiako Metroaren Ikerketa Informatiboan dauden irregulartasunengatik.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko maiatzaren 04a
Metroaren aurka egindako manifestazioa Donostian.

2016ko urtarrilaren 21ean onartu zuten behin betiko “Donostialdeako Metroaren Lugaritz-Easo tartearen Ikerketa Informatiboa”, eta Satorralaiak erabaki horren kontrako baliogabetasun salaketa ezarri du.

Ikerketa Informatiboa ez da guztiz baliozkoa, mugimenduaren arabera, ez baitu Ingurumen Eraginaren Deklaraziorik. Salatu dute Deklarazio hori beste proiektu bati dagokiola eta bere balioa proiektu honetara zabaldu nahi izan dutela. 2010ean hasitako Lugaritz-Anoeta tartea eraikitzeko egin zuten Deklarazio hori duela bost urte. Aldiz, 2016ko proiektuak beste ibilbide bat proposatzen du, eta 2012ko Deklarazioan aurreikusitako bestelako ingurumen eta lege baldintzak dituela esan du Satorralaiak.

2016ko irailean, gainera, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Leihakortasun kontseilariak esan zuen 2012ko Deklarazioak indarra galdu zuela. Deklarazioak egin eta bi urtera galtzen zuen bere eraginkortasuna eta balioa, eta epe horretan ez ziren obrak egiten hasi.