Horren nabarmenki izan ez bada ere, Gipuzkoako gainontzeko lurraldeetan ere gora egin du etxebizitzaren prezioak. Modu berean higiezinen salerosketa ere handiagotu egin da, antza inflazioaren eta interes tasen jaitsiera dela eta, Gipuzkoako Higiezinen Jabetzako Agenteen Elkargo Ofizialaren arabera. EAEko hiriburuen artean, Donostia da batez beste alokairuen preziorik altuena duena.
Etxebizitzaren kostuak gora egiten jarraitzen du Donostian, eta errekor historikoa jarri du: 5.613 euro metro koadroko 2024ko hirugarren hiruhilekoan. Horrek %1eko gehikuntza adierazten du aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta %4,6 handiagoa iazko denboraldi beraren aldean. Orain arte erregistratutako zifrarik altuena da.
Gipuzkoako gainerako lurraldeetan ere prezioek gora egin dute, baina ez horren nabari. Uztaila eta iraila bitartean metro koadroaren batez besteko kostua %0,5 igo da eta urte osoan, berriz, %2,2. 3.496 eurotan kokatu da metro koadroa, 2010etik izan den preziorik altuena.
Gipuzkoako Higiezinen Jabetzako Agenteen Elkargo Ofizialak (COAPI) astelehen honetan aurkeztu duen hiru hilez behingo txostenean argitaratu dituzte datu horiek; Jose Luis Polo elkargoko presidenteak eta Luis Fabra eta Mikel Urkola ikerketaren arduradunak izan dira aurkezpenean.
Salerosketen merkatuak ere hazkunde esanguratsua izan du Gipuzkoan: 1.971 salerosketa egin dira hirugarren hiruhilekoan, bigarren hiruhilekoan baino %31,6 gehiago eta iaz baino %8,5 gehiago. Horietatik, 1.760 bigarren eskuko etxebizitzak izan dira eta 211 berriak.
489 salmenta-eragiketa erregistratu dira Donostian: hiruhilekoan %44,7kohazkundea izan da, eta urtean %20,4koa. Adituen arabera, inflazioaren jaitsierak nahiz interes tasen jaitsierak eragin dute igoera, hein batean. Izan ere, Euriborra %2,94an egon da irailean, ekainean %3,65ekoa izan den bitartean.
Nabarmentzekoa da ere alokairuen negozioa Donostian: batez besteko prezioa hilean 1.000 eurotik gorakoa da, zehazki, 1.005,6 eurokoa. Euskal Autonomia Erkidegoko batez bestekoa, berriz, 754,3 eurokoa da, Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren azken txostenaren arabera.
Guztira, EAEn 82.344 alokairu-kontratu erregistratu ziren bigarren hiruhilekoaren amaieran; horietatik %49,8 Bizkaian daude, %36,1 Gipuzkoan eta %14,1 Araban.