Surfaren eta ekologismoaren inguruko zenbait eragilek Antondegi Berdea - Olatuak Itsasoan kolektiboa osatu dute. Martutene auzoko Antondegi mendian, itsasotik lau kilometro eskasera eta hirian urbanizatu gabe geratzen den leku gutxi horietako batean, Donostiako Udalak eraiki nahi duen olatu artifizialen proiektua geldiaraztea dute helburu.
Donostiako Udalak eta Wavegarden enpresak Donostiako Martuteneko Andonegi mendian eraiki nahi duten olatu artifizialen instalazioa oso kezkagarritzat jo dute kolektibo berriaren sustatzaileek. Surf komunitatearen jasangarritasun balioen aurka doala eta ingurumenean inpaktu "esanguratsu eta bidegabea" eragingo luke diote.
Are gehiago, berdegune hori, "Donostiako gerriko berdearen parte eta ugaztun-espezie ugariren habitata izanik. Balio naturala duen jabego publikoko lurzorua urbanizatu eta erabilera pribaturako bideratzetu nahi dutela salatu dute, "herritarrekin inolako kontsulta edo parte-hartze prozesurik abiatu gabe".
Antondegi Berdea - Olatuak Itsasoan kolektiboa ondorengo eragilek bultzatuta sortu dute: surflariek ozeanoak babesteko sortutako Surfrider Foundation Europe, Eguzki talde ekologista, Fridays for Future klima-aldaketaren aurkako mugimendua, Haritzalde eta Parkea Bizirik elkarte kontserbazionistak, Itsas Enara elkarte ornitologikoa eta BiziLagunEkin plataforma.
Horrez gain, Greenpeace, Surf & Nature Alliance eta SEO-Birdlife taldeen babesa eta laguntza jaso ditu.
Haien helburua da Antondegi gune natural gisa defendatzea eta olatu artifizialaren proiektua edota ingurune hori mehatxatuko duen beste edozein egitasmo geldiaraztea. Donibane Lohizunen egindako lana dute ispilu, han lortu zutelako Donostian ezarri nahi duten olatu artifizialen antzeko instalazio bat geldiaraztea.