argia.eus
INPRIMATU
Donostiako Mapa Erradioelektrikoaren lehen aurkezpena egingo dute, eremu elektromagnetikoei buruzko jardunaldietan
  • Eremu elektromagnetikoek osasunean daukaten eraginaz hitz egingo dute urriaren 16 eta 17an, Donostiako Udalak eta Cristina Enea Fundazioak antolatutako jardunaldietan. Halaber, hirian egin den ikerketaren berri emateko baliatuko dituzte jardunaldiok, Axier Jaka Ingurumen zinegotziak iragarri duenez.

Unai Brea @unaibrea2 2013ko urriaren 15a
Telefonia mugikorreko antenak (Argazkia: arainfo.org).

“Eremu elektromagnetikoaren aurreneko argazki bat” erakutsiko dute bildutako datuek, Jakak esan duenez. Zehazki, udal teknikariek 140 antenaren inguruko neurketak egin dituzte. “Gure helburua da eremu elektromagnetikoen aurrean babestuago dagoen hiri bat lortzea, eta Donostiako Mapa Erradioelektrikoa oso tresna garrantzizkoa da, erradiografia tekniko eta zientifikoa eskainiko digulako”. Jasotako datuen lehenbiziko aurkezpena jardunaldien lehen egunean (urriak 16) egingo bada ere, datu horien erabateko interpretazioa eta ondorioz eratorriko diren neurriak –udal ordenantzen egokitzapena barne– azaro aldean jakinaraziko dituzte, Udaleko iturrietatik jakin ahal izan dugunez.

Helburuetako bat Europar Batasunaren gomendioetara egokitzea da. Udalbatzak aho batez onartu zuen, joan den otsailean, Europako Kontseiluak 2011n emandako 1.815 ebazpenari atxikitzea. “Ebazpen horrek ezartzen du zuhurtzia printzipioa erabili behar dela balorazio zientifikoak ezin duenean zehazki mugatu zein den benetako arriskua”, esan du Axier Jakak. Donostiako hainbat lekutan EBk gomendatutakoak baino goragoko baloreak detektatu izan direla gehitu du Iñaki Irurtia Udal Ingurumen teknikariak. Nolanahi ere, neurtutako kopuru guztiak Espainiako Estatuko legediak onartutako mugen barruan daudela azpimarratu du Udalak. 

Jardunaldietan hainbat aditu mintzatuko da eremu elektromagnetikoak sortzen dituzten antena eta bestelako gailuez, bai osasunean izan dezaketen eraginaz, bai gai horri buruz indarrean dagoen legediaz ere. Hitzaldiak Udaletxeko Udalbatza Aretoan izango dira, 19:00etatik aurrera. Jose Alberto Arrate abokatuak eta Maria Jesus Azanza, Jose Luis Bardasano eta Pedro Costa zientzialariek hartuko dute parte.