argia.eus
INPRIMATU
Donostiako Loiola auzoko Erriberan eraiki nahi dituzten etxebizitza berrien aurka agertu dira bizilagunak
  • Loiolako Erriberan 154 etxebizitza eraikitzea onartu zuen joan den maiatzean Udal Gobernuak. Erriberako Auzo Elkarteak deituta, bilera egin zuten joan den astean 40 bat bizilagunek, egoeraz kezkatuta. Bileran “inork ez zion alde positiborik” aurkitu proiektuari eta aurre egiteko lan talde bat eratzea erabaki zen.

Xalba Ramirez @xalbaram Irutxuloko Hitza @irutxulo 2021eko irailaren 29a
Loiolako Erriberan 540 etxebizitza berri eraiki nahi dituztela salatu dute bizilagunek (Argazkia: Xalba Ramirez)

Auzo Elkarteko ordezkarien arabera “asko dira” bileran azpimarratu ziren puntu negatiboak. Proiektuaren kontra egoteko arrazoi nagusia, “auzoaren beharrak asetzen ez dituela” da. Salatu dutenez “auzoak zuen planifikazioa saltatu egiten du Udalak, aurreikusita ez zeuden etxebizitza batzuk eraikitzeko, eta ekipamendu komunitariorako aurreikusita zegoen partzela auzoari kenduz”. Izan ere, auzoan kultur eta osasun ekipamenduak eskatzen ari dira aspalditik, eta espazio hauek etzebizitzarako erabiltzeak “hipotekatu egingo” du auzoaren etorkizuna. Bilerako deialdiarekin batera “Anbulategia bai, dorreak ez” mezua zabaldu dute, hain zuzen.

Autobidearen ondoan bi dorre erraldoi egitea aurreikusten du proiektuak, eta soinuaren ikuspegitik “onartezina” dela salatu dute. Egun Otamendi Anaien etorbideko eraikinean egiten ari diren zarata neurketetan 77db eta 84db artean daudela adierazi dute. Eraiki nahi dituzten etxe berrietan “oraindik handiagoa litzake zarata, onartezina da”.

Hemezortzi lagunek eman dute izena lan taldea osatzeko eta datorren astelehenean batuko dira lehen aldiz.

 

 

 

Auzo elkarteak zabaldutako kartela.