Donostiako La Paz egoitza Mondragon taldeko GSR kooperatibak kudeatzen du, Egiako auzoan. Hain goiz esnatzeak adinekoentzat lan karga handiagoa eta arreta okerragoa ekartzen du.
Donostiako La Paz erresidentzian gaueko ordutegia duten langileek goizeko 6:15ean adinekoak garbitzeko agindua dutela jakinarazi du ELA sindikatuak. Beste erresidentzietan, normalean 8:00etan egiten da. Arazo handiak ekartzen ditu horrek bai adinekoentzat bai langileentzat. "Adinekoak oso goiz esnatzen dituzte, nahiz eta gosaria 9:00etan eman, eta beraz, gaizki deskantsatzen dute, eta ondoren egunean haien egoeran eragiten du", adierazi du.
Gainera, une horretan beste zainketak behar dituzten egoiliarrek ezin dute arreta behar bezala jaso, langileek ezin dutelako garbitze lanak egin eta aldi berean gainerako eskaerei egoki erantzun.
Egoera horren aurrean, zentroko langileek haserrea adierazi diete erresidentzia kudeatzen duen Mondragon taldeko GSR kooperatibari. Aipatutakoaz gain, langileek lan baldintza makurrak salatu dituzte, antolaketa falta, lan karga handia, egutegi kaltegarriak eta ordainketa eza. Zuzendaritzak jaramonik ez diela egiten salatu du ELA sindikatuak, txanda jakin batzuk ez indartzeko eta gaueko txanda dutenei lan handiagoa kargatzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiari guztiaren berri eman diotela jakinarazi dute, eta langileen ongizatean eta zentroko egoiliarrei zuzenean eragiten diela egoerak.