argia.eus
INPRIMATU
Donostiako La Cueva taberna eta Parte Zaharreko eraikin zaharrena erosi ditu ostalaritza enpresa batek
  • Francoren iloben lehengusuak, Martinez-Bordiu anaiak, ziren duela gutxi arte taberna zein eraikinaren jabeak. Era berean, Isabel de Cubas jatorrizko jabearen oinordekoak dira.

Irutxuloko Hitza @irutxulo 2019ko urriaren 22a

Trinitate plazaren sarreran dagoen La Cueva taberna erosi du ostalaritza talde batek, Noticias de Gipuzkoa egunkariak jakitera eman duenez. Zehazki, Parte Zaharreko Beti Jai eta Nagusia Lau tabernak kudeatzen dituen enpresa talde bera da. Taberna ez ezik, alboan duen hiru solairuko etxebizitza ere erosi dute, Parte Zaharreko zaharrena. 1813an Donostia erre zutenean zutik iraun zuen bakarra da.

Francoren iloben lehengusuak, Martinez-Bordiu anaiak, ziren duela gutxi arte taberna zein eraikinaren jabeak. Era berean, Isabel de Cubas jatorrizko jabearen oinordekoak dira. Azken 60 urtetan taberna alokairu bidez kudeatu du Salvador Amago familiak, eta harreman ona izan dute Cubasekin eta haren oinordekoekin. Dena dela, ezustean harrapatu ditu eraikin osoaren salmentak. Horrela, sei hamarkada luzeko ibilbideari bukaera emango dio La Cueva tabernak.

Fatxada zaharra mantentzen du eraikinak, eta Isabel de Cubasen birraitonak eraiki zuen. Etxearen lehen pisua ere tabernako kudeatzaileek erabili dute biltoki eta langileentzako aldagela gisara. Aldiz, beste pisu batean emakume bat bizi da, eraikinean jaiotakoa, haren ama eta amona bezala.