argia.eus
INPRIMATU
Donostiako Kortxoenea gaztetxeari buruzko dokumentala egiteko crowdfundinga abian
  • Kortxoenea, irautea sortzea delako dokumentala egiteko diru bilketa abiatu dute Karena Crowdfunding gunean. Eraikinaren historia kontatzearekin batera, egun hiriko gune autogestionatu horren proiektua azaldu nahi dute egileek.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2015eko martxoaren 17a

Eraikina hastapenetan kortxo fabrika izan zen. Orduko egunkarietan aurkitu dutenez, gehienbat emakumeak ziren bertako langileak eta borroka ugariren protagonista izan ziren.

Gerora ikastola izan zen, eta egun bost urte egingo dituen gaztetxea da. "Espazioaren erabilera egiten dugu denok, eta erabilera horren arabera eraikin batek izaera bat hartzen du edo bestea; Kortxoenea adibide garbia da", diote egileek.

Dokumentala egiteko 4.000 euro behar dituztela jakinarazi dute eta ekarpenak jasotzen ari dira. Gogo Ekoizpenak ikusentzunezko proiektuko kideak ari dira grabaketak eta muntaia egiten.

Dirua dokumentalaren kopiak egiteko eta Euskal Herriko mugaz gaindi zabaltzen saiatzeko behar dutela azaldu dute. Dokumentala amaitzen dutenean hainbat hizkuntzatan azpititulatzeko asmoa dute. 

Donostian okupazioa 28 urtez lanaren jarraipena izan nahi luke dokumentalak. "Donostian autogestioan eraikitako proiektu asko egon dira eta egun ere badaude; historia hau kontatu nahi dugu". Kortxoenearen historia kontatzea, beste esperientzien inguruan gogoeta egiteko eta zalantzak mahai-gainean jartzeko baliatu nahi dutela diote.

Trailerra ikusgai: