argia.eus
INPRIMATU
Preso gaixoen etxeratzea eskatzeko Donostiako kaleak bete nahi ditu larunbatean Sarek
  • Gaixo dauden presoen eskubideak aldarrikatzeko deia egin du Sarek urriaren 15erako Donostian. Hainbat ospitaletako eta osasun zentroetako langileek bat egin dute manifestazioarekin.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko urriaren 12a

Mobilizazioa aro berri baten hasiera izan dadin nahi du Sarek, “egungo espetxe politikak ahalbidetzen dituen urraketak gaindituko dituena”. Beraz, “demokrata sentitzen den eta giza eskubideen defendatzaile den edonor bertan egon behar” duela adierazi du. Izan ere, egoeraren “larritasunaren” aurrean, eta “estatuen ukazioaren” aurrean, mobilizazio soziala besterik ez dela geratzen adierazi du Sarek.

Hainbat ospitaletako eta osasun zentroetako langileek bat egin dute manifestazioarekin. Donostiako ospitalean Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) esaten duena gogora ekarri zuten urriaren 5ean “pertsona guztien oinarrizko eskubidea da osasunerako eskubidea eta osasun asistentzia duin bat edukitzea”.

Autobusak antolatu dituzte Euskal Herriko hainbat hiri eta herrietan: Gasteizen, Iruñerrian, Sakanan, Ezkerraldean, Durangaldean, Lea Artibain, Arratian, Bilbon, Uribe Kostan, Debagoienan, edota Debabarrenan, beste batzuen artean.