20 minutuko hegaldia, 120 metroko altuera eta 500 metroko distantzia ehuneko 50 kilometro orduko abiaduran egiteko ahalmena du Donostiako Udalak erosi duen aparatuak.
Martin Ibabe Segurtasun zinegotziak eta Mikel Santamaria Udaltzainburuak aurkeztu dute DJI Phantom 4 Pro izeneko dronea eta pozik azaldu dira “punta-puntako sistema” dela adieraziz.
Aparatuak 1.800 gramoko pisua du eta monitore baten bidez irudiak denbora errealean ikustea ahalbidetzen duen bereizmen handiko kamara du txertaturik.
Dronearen erabilera, estropadak bezalako ekitaldietan eman daitezkeen segurtasun plan berezietara, jende pilaketa handiko tokietara edo istripu zein uholdeak bezalako emergentzia kasuetara mugatuko dela adierazi dute.
Udaltzaingo taldean gailua gidatzeko gai diren bost pertsona daude eta aparatu hauen erabileraren inguruan indarrean dagoen legedia errespetatuko dela esan dute segurtasun lan guztietan.
Momentuz drone bakarra erabiliko da, baina ez da baztertzen ezaugarri desberdinetako gehiago ekartzerik, oraingo gailuak ezin baitu euriarekin hegaz egin bere sentsibilitate elektronikoa dela eta.
3.000 euroko kostua izan du aparatua erosteak.