argia.eus
INPRIMATU
Donostiako Isuri Gutxiko Eremua arautuko duen ordenantza onartu dute, azken tramitearen zain
  • Arroka plazako Udalinfo bulegoan herritarrentzako informazio gune bat jarriko du azaroan.

Irutxuloko Hitza @irutxulo Inaxio Esnaola 2024ko urriaren 16a
Nagore Garmendia

Donostiako Udalak behin betiko onartu du Isuri Gutxiko Eremua arautzeko udal ordenantza. Orain, azken tramitea falta da; udalbatzak onartzea. Hori azaroan izango dela adierazi du Eneko Goia alkateak, eta Isuri Gutxiko Eremua abenduan jarriko dutela martxan.

Espedientea jendaurrean jarri ondoren, 41 alegazio zehatz aurkeztu zizkioten proposamenari. Horietatik gehienak (36) baztertu dituzte, hiru onartu eta horietako bi partzialki jaso dituzte.

Airearen kalitatea hobetzea, klima aldaketa arintzea eta hiriko isuri gutxiko eremuak arautzea du helburu aipatu ordenantzak. Indarrean sartzen denean, udalak hilabete emango du herritarrek araudi berria ezagutu dezaten eta zuzeneko baimenik ez duten pertsonek dagokion baimena izapidetu ahal izan dezaten. 

Aldiz, 2025eko urtarrilean jarriko dituzte martxan sarbide kontroletako kamerak. Gainera, urtarrilean eta otsailean araudia betetzen ez duten pertsona guztiek informazio jakinarazpen bat jasoko dute, araua urratu dutela jakin dezaten. Isunak, berriz, martxorik aurrera jarriko dizkiete ordenantza betetzen ez duten ibilgailuei eta erabiltzaileei.

Bestalde, azarotik aurrera, udalak herritarrentzako informazio gune bat jarriko du Amarako Arroka plazako Udalinfo bulegoan. Webgune bat ere herritarren eskura jarriko dute, kontsultak eta izapideak egiteko.