Hilabeteren ostean, Intxaurrondoko Arte Publikoko BAI Topaketak amaitzear daude. Topaketen lehen edizioari urriaren 16ko larunbatez emango zaio itxiera, auzoko ondare eskultorikoa ezagutzera eman asmo duen ibilbidearekin. Topaketetan gauzatutako sormen-tailerretan egindako obrak ere erakutsiko dira ibilbidean.
Cara de Pan elkarteak, Donostia Kultura elkartearen laguntzarekin, Intxaurrondoko Arte Publikoko BAI Topaketen lehen edizioa abiatu zuen irailaren 18an. Tarte horretan, "arte garaikidea herritarrei hurbiltzeko" xedez, hiru doako sormen-tailer gauzatu dituzte: Elena Carriedok eta Harago Aholkularitzak gidatutako Hutsunetik presentziara emakumeentzako sormen-tailerra, Maushaus kolektiboak gidatutako Kalekumeak haurrentzako sormen-tailerra, eta Dunak taldeak gidaturiko Auzo-sorkuntza sormen-tailer familiarra. Tailer horietan herritarrek pieza artistikoak sortu dituzte, auzoko obra artistikoetan oinarrituta. Agustin Ibarrolaren "Siluetak" eta "Haurrak", eta Koldobika Jauregiren "Formak hazkuntzan" izan dira herritarren inspirazio iturri.
Topaketei itxiera emango diete urriaren 16ko larunbatez, "KristON larunbata" izendatu duten ekimenarekin. Egun horretarako ibilaldi gidatua prestatu dute, auzoko zortzi obra artistiko barnebiltzen dituena. Herritarrek tailerretan landutako obrak ere jarriko dira ikusgai, horiek sortzerako orduan oinarritzat hartutako lanen ondoan. Ibilbide amaieran Sara Yagüe artistak performancea egingo du, Equipo 57 taldearen "Monolitoa" obran inspiratuta.
Herritarren lanak goizeko 10:00etatik 13:45era egongo dira ikusgai, eta lau ibilbide gidatu egingo dira: 10:00etan, 11:00etan, 12:00etan eta 13:00etan. Ibilbideak elebidunak izango dira, 40 minutuko iraupena izango dute, eta Sagastieder plazatik abiatuko dira.