argia.eus
INPRIMATU
Donostiako Hontza liburu-denda itxi egingo dute, erreleborik aurkitu ezean
  • Donostiako Okendo kaleko liburu-denda mitikoaren lokala salgai jarri dute eta erreleboa hartuko duen talde bat prest agertu ezean, ateak itxiko ditu. Liburu-dendako arduradunek ARGIAri azaldu diotenez ez da erraza izan erabakia hartzea, baina jabeetako batzuek erretiroa hartzeak eta Donostiako erdialdean zein sektorean gertatu diren aldaketek eragina izan dute.

ARGIA @argia 2025eko urtarrilaren 08a
Hontza liburu denda 1982tik dago Donostiako Okendo kalean eta erreferentzia izan da irakurzaleentzat. Gipuzkoa Natura

Donostian dagoen liburu-denda ezagunenetako bat, Okendo kaleko Hontza, errelebo bila dabil. Liburu-denda irekita mantentzen da oraingoz, baina jabeek lokala salgai jarri dute, eta negozioarekin jarraituko duen eroslerik aurkitu ezean, ateak itxiko ditu.

ARGIAri azaldu diotenez, hiru bazkideetatik bi erretiroa hartuta edo hartzeko zorian dira eta "oso konplikatua da negozioaren arriskuak eta zorrak pertsona bakar batek asumitzea". Horregatik, ezinbesteko ikusten dute liburu-dendak martxan jarrai dezan, "tirako duen talde bat" aurkitzea. Denbora daramate bila, baina interesa erakutsi dutenak izan diren arren, oraingoz ez  dute topatu halako denda bat eramateko jakintza eta gaitasuna izango duen erreleborik, hori baita erronka nagusiena.

Ezinbesteko ikusten dute liburu-dendak martxan jarrai dezan "tirako duen talde bat" aurkitzea

Egun liburu-dendaren arduradun den Jon Tatiegiren esanetan kontsumo eredua "urtez urte aldatzen joan da" eta jende gutxiago sumatzen dute dendan. Bere aburuz, Parte Zaharreko komertzioen itxierek eta Donostia erdialdean izandako hirigintza aldaketek ere zerikusia izan dezakete horrekin: "Gure bezero asko beste herrietakoak dira eta Donostiara etortzea gero eta zailagoa da", dio.

Hontza 1982an ireki zuten Okendo kalean, lehendik beste liburu denda txiki bat zegoen tokian. Ia hasieratik bazkide berberek eraman dute aurrera, eta Ramon Tatiegi eta Esther Moyua izan dira hango aurpegi ezagunenak, langile talde finko bat ondoan dutela. Orotariko gaiei buruzko liburuak aurkitu daitezke bere bi solairuetan eta euskarazko ekoizpenak presentzia handia izan du betidanik. Orain, lokala salgai jarrita, bere etorkizuna beste batzuen eskuetan geratuko da.