Donostiako Udaleko Hirigintza saila lantzen ari den proiektuen berri eman du Noticias de Gipuzkoa egunkariak. Hamahiru dira hirigintza proiektuak, eta horietan etxebizitzak eraikitzea aurreikusten dute; guztira, 3.500. Horietatik publikoak eta sozialak 1.200 etxebizitza izango lirateke, guztiak alokairura bideratuak –kopuru osotik %34a–.
Etxebizitza gehienak, 2.500 inguru, Urumea ingururako daude aurreikusita: Loiolan, Txomiñenean, Antzietan eta Sarroetan. Azken urtetan landu diren proiektu batzuk aurrera eramatea lortzerakoan zehaztuko dira bakoitzaren ezaugarria. Kopuru horretan ez daude aurreikusita Loiolako kuartelen lursailean eraikitzea aurreikusten diren 1.600 etxebizitzak.
Aurreratuen dagoen proiektua Loiolako Lorategi Hiriaren transformazioa da. Pasa den ekainean Urbanitzatzeko Jarduera Programa onartu zuen udalak, eta horren bidez urbanizazio lanak abiatuko dituzte. 292 etxebizitza eraikitzea aurreikusten du Hirigintza sailak; 184 prezio librekoak, 46 tasatuak eta 46 publukoak. 11,3 milioi eurokoa da aurrekontua, eta lanak aurten hastea espero du udalak. Beranduago egin ahal izango da Txomiñeneko auzo berriaren bigarren fasea. Izan ere, ezinbestekoa da Martuteneko kartzela eraistea, eta hori 2023a baino lehen ez da gertatuko. Bigarren faserako 539 etxebizitza daude aurreikusita; 86 prezio librekoak, 91 tasatuak eta 182 babes ofizialekoak.
Urumea inguruetan beste bi hirigintza proiektu ere badaude. Antzietan 471 etxebizitza aurreikusten dira, 283 prezio librekoak eta 188 publikoak. Martutenen, gasolinera zegoen lekuan, hamalau etxebizitza eraikitzeko proiektua dago. Hortik gertu, Portutxo eremuan, 41 etxebizitza eraikitzeko asmoa dago, eta horietatik 25 prezio librekoak izango lirateke, zortzi tasatuak eta beste zortzi alokairu publikokoak. Bestalde, Sarroeta eremuan 1.000 etxebizitza inguru eraikitzea aurreikusita dago, erdiak babes ofizialekoak.
Beste eremuak
Gainerako hirigintza proiektuei dagokionez, Ibaetako Infernua eremua da esanguratsuena. Plan Orokorraren behin-behineko aldaketa onartu ostean, aurrera doa. 540 etxebizitza eraikitzea aurreikusten da, 270 libreak eta beste hainbeste babestuak. Eremu horretatik gertu, Illarran, 262 etxebizitza eraikitzeko asmoa dago, 131 libreak eta gainerakoak babestuak.
Añorga Txikin ere etxebizitza berriak eraikitzeko aukera aztertzen ari da Hirigintza saila. Geltokitik gertu dagoen industrialdea hutsik dagoenez, eremu horretan 248 etxebizitza daude aurreikusita. 156 merkatuaren prezioari loturikoak izango lirateke, 46 tasatuak eta 46 publikoak. Azkenik, tamaina txikiagoko hirigintza proiektuak ere badaude. Uliaren magalean, Rodilen, 46 etxebizitza eraikitzeko asmoa dago, eta horietatik 38 lirateke libreak, lau tasatuak eta beste horrenbeste publikoak. Aieteko Pintoren luxuzko 38 etxebizitza egongo dira, eta Intxaurrondon, 54 etxebizitza egingo dituzte Zarategi pasealekuan, eta Luisa Enean 48 etxebizitza libre.