argia.eus
INPRIMATU
Donostiako hainbat bizilagun etxerik gabe gelditzeko zorian dira AHTren obrengatik
  • Abiadura Handiko Trenaren obren ondorioz, Okendotegi bideko eraikin batean bizi diren familiak desjabetu dituzte eta etxerik gabe geratzeko arriskuan daude; ordainetan emandako dirua “irrigarria” dela salatu dute: “Donostiarrak gara eta Donostiatik bidaltzen gaituzte”.

ARGIA @argia 2019ko abenduaren 20a
Donostiako udaletxeko batzar aretoan egin dute agerraldia Okendotegiko bizilagunek (arg: EH Bildu Donostia)

Astigarragako Ergobia eta Donostiako Martutene auzoen artean, egungo trenbidearen atzealdetik doa Okendotegi bidea. Garai batean baratze eta soro zabalek estaltzen zutena, hormigoi bihurtzen ari da pixkanaka. AHTren obrek bete-betean harrapatu dute hiriburuaren periferia hori. Baina hor jendea bizi da.

Garai batean jauregi izanaren zantzuak geratzen bazaizkio ere, 153. zenbakidun eraikinean herritar xeheak egiten du bizitza. Badira pentsiodunak, hainbat ezintasun dituztenak, bikote gazteak, familiak, ekintzaileak… Orain, Adif sozietateak desjabetu egin ditu eta etxea botatzeko zorian dira. Ostiral goizean Donostiako udaletxean euren egoera salatu dute horietako zenbaitek, EH Bildu eta Elkarrekin-Podemos udal taldeetako zinegotzien babesaz.

Hasiera batean AHTren obrek inguruko terrenoak baizik ez zizkiela kenduko uste bazuten ere, iazko urrian, Espainiako Aldizkari Ofizialaren bidez jakin zuten proiektuak moldaketa bat izan zuela eta ondorioz euren etxea ere modu azkarrean desjabetu eta arriskuan zela: “Ez ziguten gutun bat bera ere bidali, lotsagabekeria iruditzen zaigu, formalismorik gabekoa”.

 

 

Behin azken tramitea igarota hilabeteko epean bota dezakete eraikina, nahi izanez gero: "Laster ez dugu jakingo non egongo garen bizitzen". (arg: ETS)

 

 

"Bakarrik nago eta ezin dut ibili"

Hortik aurrera, bide-gurutze baten antza handiagoa duten jirak eta birak eman dituzte euren egoera zein den argitu nahian, bai instituzioetan baita Adifen ere. Joan den urrian bildu ziren Donostiako alkate Eneko Goiarekin, eta honek “harrera ona” egin bazien ere, ez dute bere berri gehiago izan. Orain, behin azken tramitea igarota hilabeteko epean bota dezakete eraikina, nahi izanez gero: "Laster ez dugu jakingo non egongo garen bizitzen".

Salatu dutenez, tasazioak egiteko garaian “prezio irrigarriak” ezarri dizkiete etxebizitzei, kasuren batean 80.000 euro besterik ez. Beste zenbaitek etxea goitik behera berritu dute eta hamabost urteko hipotekei egin behar diete aurre, baina ordaindutakoaren erdia baino ez diete ematen desjabetzearekin. Eskaini dieten kopuruarekin Okendotegiko bizilagunek garbi dute ez Donostian ezta Gipuzkoan ere ez dutela aukerarik izango beste bizileku bat aurkitzeko. Gaur egun, hiriburuan etxebizitza batek metro koadroa 5.200 eurotik gora balio du eta urtebetean %25 egin du gora prezioak, Etxebideren arabera. 

“Ez diogu inori ezer zor eta etxetik bidali nahi gaituzte –salatu dute udaletxean lagun eta senideek babestuta–. Diru horrekin baina, ezin dugu ezer erosi Donostian. Donostiarrak gara, baina Donostiatik bidaltzen gaituzte”. Eraikina jadanik hesiz inguratuta dago eta oinezkoentzako pasabide korapilatsu batez soilik iritsi daiteke bertara.

Egoera horretan, etxerik gabe geratuko den adineko emakume batek bere kasua azaldu du: "Bakarrik nago, operatu egin zidaten eta pintzamenduak eta ziatika jasaten ditut. Laguntza behar dut medikura joateko eta bizilagunek egin behar izaten dizkidate erosketak. Nahi nukeena da hori konpontzea".

Periferian bizi izanagatik ere, herritar bezala erantzun bat eskatzen dute gertuko instituzio eta agintarien partetik, eta aldarrikapena mahai gainean jarri dute: “Etxebizitza kenduko digute, eta etxebizitza da exijitzen duguna”.

Agerraldiaren bideoa: