argia.eus
INPRIMATU
Donostiako gotzain berriaren aurkezpenean izan da Kakux, Elizak pederastiagatik zigortu zuen apaiza
  • Astelehenean, Donostiako gotzain berri izendatu zuen Elizak Fernando Prado bilbotarra. Bera izango da Munillaren oinordekoa, zortzi hilabetez gotzain gabe egon ostean. Aurkezpen ekitaldiko harrigarriena, ordea, Juan Kruz Mendizabal Kakux-en presentzia izan zen.

Xalba Ramirez @xalbaram Irutxuloko Hitza @irutxulo 2022ko azaroaren 02a

Vatikanoak pederastiagatik zigortu zuen Juan Kruz Mendizabal Kakux, hainbat gizonek bere aurkako salaketa jarri zutenean. Kakuxek berak onartu omen zituen akusazioak. Gizonek emandako testigantzen arabera, haur eta nerabeak zirenean, Kakuxekin udalekuetan zeudela jasan zituzten eraso sexualak, apaizak haiekin zuen harreman ona baliatuta. Besteak beste, lotan zeudenean kanpin dendara sartu, eta masturbatu egin zituen haurrok.

Jose Ignacio Munillak 2016ko martxoan izan zuen salaketen berri eta handik hilabetera kargugabetu zuten Kakux, ordura arte Gipuzkoako bikario nagusi zena. Gotzaindegiak zabaldu zuen informazioaren arabera, 2001ean eta 2005ean orduan adingabe ziren bi mutili egindako “ukitze desegokiak” jasotzen dira salaketa horietan. Gerora, gazte gehiagok jarri dute salaketa.

Mendizabalen abusuak preskribatuta zeudela ebatzi zuen fiskaltzak, eta kasua artxibatzea erabaki zuen. Kontrara, ordea, justizia eklesiastikoak prozesua zabaldu zuen, eta bertan erruduntzat jo zuten Donostiako apaiza. Hain zuzen horregatik, Kakux Gipuzkoatik erbesteratu zuten monasterio batera, eta beste elizgizon baten tutoretzapean, terapia psikologiko eta espirituala egiten aritu omen da.

Urteotan bizitza publikotik desagertuta egon da Kakux, Elizak hala eskatuta. Ordea, azken urteetan Goierrin hainbat meza eman dituela jakinarazi dute. Atzoko ekitaldia publikoa zen arren, gutxi dira bertan ageri diren apaizak, eta horietako bat Kakux izateak arreta deitu du.