1948an sorturiko dantza taldea Euskal Herriko zaharrenetakoa da, baita aitzindaria ere, munduko hainbat txokotan euskal dantzak ezagutzera eman baititu bere ibilbidean. 75. urteurrena ospatzeko egitarau zabala antolatu dute urte osoan, omenaldiak eta emanaldiak tarteko.
Kandido Pujana Telleriak (Ordizia,1905 - Donostia, 1985) sorturiko Donostiako Goizaldi Dantza Taldeak urte berezia du 2023. hau. 75 urte beteko ditu 1948an abian jarri zenetik eta hori ospatzeko moduko egitaraua antolatu dute. Xehetasun guztiak azaldu dituzte ostegunean San Jeronimo aretoan egindako aurkezpen publikoan.
Besteak beste, otsailaren 2an ekitaldi berezia egingo dute Ezpata Dantzarien prozesioarekin, dantzari eta dantzari ohiez inguratuta eta musikaz lagunduta. Groseko Euskadi Plazan, Ezpata dantza dantzatzeaz gain, 75. urteurreneko oroigarria ere inauguratuko dute egun horretan.
Baina horrez gain, urte osoan emanaldiak antolatu dituzte Euskal Herriko txoko askotako dantzariekin batera, baita Boiseko Oinkari dantza taldekoekin ere. Euskal Jaia, Dantzari Eguna, erakusketak, bazkariak, logo berria, dokumentala, webgunearen berrikuntza... denetarik eskainiko dute urteurrena aprobetxatuz.
Goizaldi Euskal Herriko dantza talde zaharrenetakoa da. Gipuzkoan Juan Inazio Iztueta zaldibitarrak XIX. mendean egindako lanaren eta ikerketen arrastoari segika Juan Antonio Olano eta Jose Lorenzo Pujana aritu ziren Gipuzkoako euskal dantzak irakasten, eta ondoren Kandido Pujanak hartu zuen ardura hori. Honek, 1948an Donostiako Dantza Eskolatik sortu zuen Goizaldi taldea.
Ordutik, Gipuzkoako dantzez gain, Euskal Herri osoko dantza nagusiak ere dantzatu izan dituzte emanaldietan, eta erreferentzia bilakatu dira arlo horretan.