Liskarra Sorian izan zen Numantzia-Cornella partidaren aurretik. 44 urteko biktima konorterik gabe geratu zen, buruan zauri bat zuela.
Gertaera larunbatean gertatu zen Numantziaren eta Cornellaren arteko futbol partida hasi baino lehen, 17:30ak aldera. Ultra batzuek Donostiako 44 urteko gizon bat jo zuten Numantziaren Los Pajaritos estadiotik hurbil dagoen taberna batean, Naizek jakitera eman duenez. Konorterik gabe geratu zen gizona eta Burgoseko ospitalera eraman zuten, buruan zauri bat zuela.
Biktimaren emaztea Naizekin harremanetan jarri da egoera argitzeko. Espainiako Gobernuak Sorian duen gobernuaren ordezkaritzak adierazi zuen "arin zaurituta" zegoela gizona, baina haren bikotekideak ukatu egin du: "Ez da zauri arina, koma eragin diote. Garezurraren oinarrian eta belarriko hezurrean haustura eta bi hematoma ditu".
Emakumeak azaldu duenez, ultrak tabernan sartu ziren, han zeudenak jipoitzera, eta senarra odolez utzi zuten lurrean. Erasoaren unean biktima bi lagunekin zegoen, han elkartu ziren partida ikusteko.
Era berean, bikotekideak azaldu du Soriako Polizia Nazionalari deitu diola, senarra atestatuan gehitu dezaten larri zaurituenen artean. Poliziak osasun agiriak aurkezteko eskatu dio. Emakumea eta biktimaren anaia Burgosetik Soriara joango dira lesioen partea aurkeztera.
Un hombre de Donostia está en coma inducido tras ser atacado por unos ultras en Soria, antes del partido entre el Numancia y el Cornellà https://t.co/fQeFHqp3Pb pic.twitter.com/rZni08g5iz
— naiz: (@naiz_info) May 28, 2023