Covid-19k sortutako egoera ikusita, Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Bulegoak eta Donostia Kulturak erabaki dute bertan behera uztea apirilaren 23tik 30era aurreikusita zegoen Giza Eskubideen 18. Zinemaldia. Ikastetxeentzako zinema-saioak ere ez dira egingo.
"Gizarte-erantzukizunez" jokatuz eta "egungo mugak ikusita", zinemaldia ezin da berme osoz egin aipatutako egunetan antolatzaileek jakinarazi dutenez.
Dena den, antolakuntzak konpromisoa agertu nahi du "pentsatzen jarriko gaituen eta aztarna utziko duen kultura eraldatzaile baten alde, giza eskubideen urraketak salatuko dituena, eta elkartasunaren zein enpatiaren aldekoa". Horregatik, berdin jarraituko du lanean urte osoan askotariko ekimenak sustatzen eta bere programazioa eskaintzen, egoerak ahalbidetzen badu.
Bitartean, gogora ekarri dute ekimenak kanal bat ireki dutela Filmin plataformarekin lankidetzan. "Bertan eskuratu ahal izango dira aurreko zinemaldietan eman diren filmak, Zinemaldiak bere ibilbideagatik saritutako zinemagileek zuzendutako izenburuak, gizarte-gaiak dituzten emakumezko errealizadoreen zinema lanak, eta euskal ekoizpenei buruzko atal bat".
Hilos de sororidad dokumentala, adibidez, horrela estreinatuko da.