argia.eus
INPRIMATU
Konfinamendua baliatuz, Donostiako Fires desalojatzen saiatu direla salatu dute
  • Astearte goizean hainbat pertsona Donostiako Añorga auzoan dagoen lantegi okupatuan sartu dira atzeko ate bat behartuta. Barnean hainbat pertsona zeuden eta tentsio uneak izan dituzte. ARGIAri kontatu diotenez, prozesu judiziala hasi berri zegoen konfinamendu agindua heldu zenean eta beraz, legez kanpoko desalojo saiakera izan dela salatu dute. Ertzaintzak adierazi du prozesu judiziala hasita zegoenez, ez dutela desalojatuko.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2020ko apirilaren 21a

Pertsona batzuk babesa adieraztera bertaratu dira eta identifikatu egin dituzte ertzainek.

Fabrikaren jabea ere bertaratu egin da. Langileek esan dute berak bidali dituela eraikinean sartu diren pertsonak fabrika hustera eta beraiek ez zekitela prozesu judiziala abian zenik. Barruan zeuden pertsona guztiak eta kanpoko bi identifikatu dituzte.

Ertzaintza eraikinera sartu da eta barrua arakatzen ari dela jakinarazi dute barrutik.

Duela bi urte Fireseko kideek azaldu zuten Gailur Alde S.L. enpresako bi langile bertarau zirela eta barnean zeuden 30 lagunek ez zietela eraikina barrutik ikusten utzi. Añorgako eremu horretan etxebizitza gehiago egin nahi dituztela salatu zuten orduan Fireseko kideek. "Donostiako Añorgan, Fires dagoen lekuan, 250 etxebizitza eraiki nahi dituzte EAJren babesean", albiste horretan informatu genuen prentsaurrean adierazi zutenaz.

2015eko maiatzaren lehenean okupatu zuten 200 bat herritarrek Firestone gurpil markaren lantegi izandako eremu abandonatua. "Lantegi berreskuratu" izaera eman eta hainbat proiektu autogestionatu jarri dituzte martxan bertan: liburutegia, tailer mekanikoa, aroztegia, forja, laborategi hackerra, jostun tailerra eta okindegia, besteak beste.

Espazio honen biziraupena arriskuan dagoela adierazi zuten, inguruko beste eraikin batzuekin batera. "Eremu honetan, 250 etxebizitza eraiki nahi ditu Gailur-Alde S.L. enpresak, EAJren babesean eta urtebeteko epean".

Ikusi fabrika okupatu zenean Topatuk egin zuen bideoa.