argia.eus
INPRIMATU
Donostiako etxebizitzaren prezioa ia %10 igo da iaztik eta Espainiako Estatuko garestiena da
  • Espainiako Sustapen Ministerioak argitaratutako datuen arabera, Donostiako etxebizitzak dira estatuko garestienak. Aurtengo bigarren hiruhilekoan %9,7 hazi da prezioa iazko sasoi berarekin alderatuz, metro koadroa 3.436,3 euroraino igoz.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko irailaren 20a
Donostiako etxebizitzek garestitzen jarraitzen dute.

Donostiako etxe batek Estatuko batez bestekoaren bikoitza balio du, eta prezioak gora doaz. Gehien garestitzen ari den hiria da datuen arabera: aurten bakarrik %9,7 igo da. Turismoak hirian duen eraginaren ondorio izan daiteke, pisu turistikoekin Udalean izaten ari den polemika horren lekuko.

Estatuko zazpigarren herririk garestiena, berriz, Getxo da: metro koadroa 2.658 euroan. Hala ere, ez da azken urtean Donostian bezainbeste igo prezioa, %0,4ko hazkundea izan du.

Hego Euskal Herriko gainontzeko hiriburuei dagokienez Iruñeko etxebizitzen prezioa metro koadroko 1.650,3 euroan dago; Gasteizkoa 1.881,1; eta Bilbokoa 2.268,5.

25.000 biztanletik gorako gainontzeko herrietan honakoak dira batez besteko prezioak: Eibarren 1.609, Irunen 1.853, Oreretan 1.914, Barakaldon 1.818, Basaurin 1.857, Galdakaon 1.985,  Leioan 2.308, Portugaleten 2.016 eta Sestaon 1.474. Tutera da Hego Euskal Herriko 25.000 biztanletik gorako hiririk merkeena, metro koadroa 860 euroan.