argia.eus
INPRIMATU
Donostiako etxe baten hustean parte hartu duen ertzain batek talde polizial eskuindarrei lotutako eskumuturreko bat zeraman
  • Asteazken goizean Ertzaintzak Donostiako Gros auzoan egindako hustean parte hartu zuen ertzainetako batek ‘La Delgada Linea Azul’ [Lerro urdin mehea]mugimenduaren eskumuturreko bat zeraman. Lobby lana egiten duen talde honek eskuin muturreko taldeekin lotura duela salatu dute mugimendu antifaxistek.

Xalba Ramirez @xalbaram Irutxuloko Hitza @irutxulo 2022ko azaroaren 03a
Groseko hustutzean parte hartu duen ertzain batek \'La delgada línea Azul\' mugimenduaren eskumuturrekoa zeraman. (Argazkia: Beñat Parra/Irutxuloko Hitza)

‘Thin Blue Line’ leloa 2014ko abenduan sortu zen, eta Blue Lives Matter mugimenduak bere egin zuen; iruditeria bera partekatzen dute. Mugimendu hau Black Lives Matter mugimenduari aurre egiteko polizien mugimendua da, AEBetako nazionalista zuriekin lotutakoa. Poliziaren lanaren apologia egiten du taldeak, indarkeria kasuak minimizatuz, eta, beti ere, lobby eta presio lanak eginez. Ordea, eskuin muturreko talde biolentoek lelo hau erabili izan dute AEBetan.

Blue Lives Matter leloak polemika sortu zuen iazko martxoan, ETBn ertzain batek taldearen kamiseta bat eraman baitzuen soinean.

Grosen egindako hustean, hainbat herritarren kontra oldartu zen Ertzaintza, borrekin kolpatuz. Tartean, albistearen berri ematean ari zen Irutxuloko Hitza-ko kazetari bat kolpatu zuten, izterrean marka utziz.