Donostiako Alde Zaharreko oheen %20a turistei bideratuta dagoela eta pisu turistiko horien %84a legez kanpokoa dela salatu du Ernaik. Horrelakoak dauden eraikinetan, "Adi! pisu turistikoa, zuen turismoa, auzoen miseria!" dioten pegatinak jarri dituzte sarrerako ateetan.
Salatu dute bi urtean bost aldiz biderkatu dela pisu turistikoen kopurua Donostian, baita iaz alokairua bataz beste %17 igo zela ere. Hainbat kaletan horrelako zenbat etxebizitza dauden aipatu dute: Abuztuaren 31 kalean 36 , General Jauregi kalean 16, Boulevardean 22, Fermin Calbeton kalean 24.
Abuztuaren 17an "turismo eredu honen aurka" manifestazioa deitua du Ernaik, Aste Nagusian. Gazteek "emantzipatzeko arazo larriak" dituztela eta hiriko Alde Zaharra "turistentzako parke tematiko" bihurtzeaz gain, auzoetako nortasun bizitza eta komertzio txikiaren galera salatu dute. 17:30ean abiatuko da Boulevardetik.
Pisu turistikoen neurri gabeko gorakadak GAZTEON EMANTZIPATZEKO AUKERA ZAPUZTU DU DONOSTIAN! Gazteak auzoetatik kanporatuak izaten ari gara! pic.twitter.com/qbD4oQ2vBa
— Ernai Donostia (@ErnaiDonostia) 2017(e)ko abuztuak 7
Azken egunotan zeresan handia ematen ari da turismoaren gaia eta eragile politikoak beren posizioak hartzen ari dira. ARGIAren turismo masiboaren kanalean gaiari jarraipena egiten ari gatzaizkio.