argia.eus
INPRIMATU
Donostiako erdigunean XIX. mendeko etxe bat eraitsiko dutela ohartarazi du Áncora taldeak
  • Alde Zaharraren ondoan dagoen Aldamar kaleko 1 zenbakiko eraikina dira eraistekoak, oso-osorik. Kultur ondarea ezagutaraztea eta babestea helburu duen Donostiako Áncora taldeak adierazi du Donostiako Udalak “inolako argudiorik eman gabe” eraikina eraisteko asmoa duela. Eusko Jaurlaritzak berriz, babesteko eskatu du.

ARGIA @argia 2021eko azaroaren 29a
Argazkia: Áncora taldea.

Áncorak facebook-eko bere orrialdean adierazi du Donostiako Alde Zaharreko bizilagunen bitartez jakin duela udalaren asmoa eta erabakia kritikatu du. Aldamar kaleko 1 zenbakian zeuden Rekalde taberna ezaguna eta Sagutxo azoka. Tabernak ateak itxiak ditu. Itxi aurretik Danele Sarriugartek elkarrizketa egin zion Agus Rodriguez tabernaren jabeari ( "Metroa, AHTren geltokia... Donostia zer izango da, Montecarlo bat?").

Áncorak dioenez, eraikin historikoa da. Dena botako dute eta altuera handiagoko beste bat jasoko dute. Taldeak dioenaren arabera, eraisteko baimena dute, eraikina ez dagoelako Eraikitako Hirigintza Ondarea Babesteko Plan Berezian.

Galera nabarmentzat du Donostiako taldeak, eraikinak soslaia eta osaera unitarioa duelako etxadian eta alboko etxeekin bat datorrelako. Hala diote: “Donostiako eraikin tipikoa da, XIX. mendekoa, eta gainera, Alde Zaharreko monumentu multzoaren ertzean dago. Arreta handiz tratatu beharko litzateke”.

Lursaila 1888an erosi zuten Domingo Eceiza, Ramón Múgica, Antonio Zubillaga eta Francisco Echeverría bazkideek. Aldamar kaleko eraikinik zaharrenetakoa da. Domingo Eceiza jabe bidaniarra da eraikinaren egilea.

Donostian antzeko eraikinak babestuta daudela azpimarratu du Áncorak. Donostiarrei eraikina salbatzeko deia egin die eta udalera, herritarren postontzira (www.donostia.eus), idazteko eskatu die.