Hiriko eraikin zibil zaharrenetakoa dena eraitsi egingo du Adifek, AHT egiteko. Bizilagunek irtenbide eske jo dute Donostiako Udalera, baina “altzariekin kalean” gelditzeko arriskuaz ohartarazi dute.
Otsailak 2 eguna gorriz markaturik dauka Erbetegi etxean bizi den bizilagun batek baino gehiagok. Egun horretarako etxebizitza utzi eta euren bizileku izan den eraikina AHTren bazka bihurtuko da, ezer aldatzen ez bada. Abenduan sinaturiko okupazio aktaren arabera, astearte honetan geratu beharko du “libre” etxeak, Nahitaezko Desjabetze Legea erabiliko du administrazioak horretarako.
Erbetegin hainbat familia bizi izan da orain arte eta aspaldi ari dira euren egoera eta babes falta salatzen. Hasiera batean, Adif sozietateak esan zien AHT egiteko ez zuela eraikina bota beharrik izango, baina trenbidearen proiektuan aldaketa bat egin ondoren, etxerik gabe ikusi dira egun batetik bestera. Indemnizazio “irrigarrien” eta hirian etxebizitzek duten prezio izugarrien ondorioz kale gorrian geratzeko zorian zirela-eta, Donostiako Udalera jo zuten irtenbide bila, “gu ere donostiarrak garelako”. Baina Eneko Goia alkatearen jarrera kritikatu dute, alokairu soziala baino ez dietelako eskaini.
Hainbat bizilagunek etxebizitzaren jabetza galdu eta urte gutxitarako alokairu sozial hori onartzea beste aukerarik ez dute izan, baina bada irtenbide duinagoak eskatzeagatik alokairua onartu ez eta orain “altzariekin kalean” geratzeko arriskua duenik ere. Gainera, azaldu dutenez, etxeen ordainetan aurreratu beharreko dirua oraindik ez diete eman, horrek dakarren ziurgabetasunarekin.
Okendotegi baserria ere bai
Erbetegi 2019ko azaroan eraistekotan ziren hasieran, baina data atzeratuz joan da hainbat arrazoirengatik. Besteak beste, hedabide honek ezagutarazi zuen bezala, “balizko arkeologia gune bezala babesturik” zegoelako, eta horrek azterketa arkeologikoa eskatzen zuelako. Aitzitik, Adifek “ad hoc” egindako azterketa izan dela diote bizilagunek, eta bere balioa ez duela aitortzen.
Erbetegi dorretxea XVI. mendekoa da eta Ancora elkarteak azaldu duenez, historia luzeko ondare arkitektonikoa biltzen du bere baitan. Sinadura bilketa ere abiatu zuten eraikina kontserbatzea eskatzeko.
Nolanahi ere, ez da Donostiako Urumeako erriberan AHTren obren ondorioz arriskuan den eraikin historiko bakarra. Trenbidearen oinplanoa Okendotegi gainetik ere igaroko da, hainbat mende dituen etxea, Donostian geratzen diren baserri bakanetatik, beste bat desagertzeko zorian dena.