argia.eus
INPRIMATU
Donostiako entitate txiki izango da Igeldo
  • Igeldoko bizilagunek igandean egin dute bozketa. Erdiak eman dute botoa, eta eman dutenen %85 inguruk egin dute entitate txiki bihurtzearen alde.

ARGIA @argia 2024ko apirilaren 15a

Ez da udalerri izango Igeldo, 2013an egiten saiatu ziren moduan, baina ohiko auzo batek baino eskumen gehiago izango ditu aurrerantzean. Hain zuzen ere, tokiko entitate txiki izango da. Igandean egin dute bozketa, eta bizilagunen erdiak bozkatu badu ere, baiezkoa nagusitu da erraz.

Tokiko entitate txiki izateak dakar bide garbiketa, diru-laguntzak, kultur-programazioa edota inguru berdeen zainketa Igeldoko Herri Kontseiluko kideen eskuetan geratzea. Beste auzoek baino autonomia gehiago izango dutela, alegia.

Igandeko erreferendumeko emaitzak eskutan hartuta, astelehen honetan Gipuzkoako Foru Aldundiari igorriko diote txostena, erabakia foru dekretu bidez jaso dezan. Bi-lau hilabeteko epean gauzatu daitekeela uste dute igeldoarrek, EiTB taldeak jakinarazi duenez.