argia.eus
INPRIMATU
Donostiako emakume batek salatu du Ertzaintza bere aurka oldartu ostean ZIUan amaitu zuela, konorterik gabe
  • Emakumearen familiako kideek jarri dute salaketa Bilboko Kolonbiaren kontsulatuan. Otsailaren 1ean jasan zuen erasoa, Donostiako Manterola kaleko diskoteka baten atarian. Hainbat testigantzen arabera, konorterik gabe egon arren berari kolpeka jarraitu zuen ertzain batek.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko otsailaren 19a

Otsailaren 1ean, bere bikotekidearekin batera urtebetetzea ospatzen ari zen Karen Daniela Ágredo Palacio 32 urteko Donostiako bizilaguna, Manterola kaleko diskoteka batean. Diskotekaren atarian bikotekidea beste gizon batekin eztabaidatzen ari zela, Ertzaintza bertaratu zen lekura, eta mutil-laguna atxilo eraman zuten. Une horretan, Ágredo Poliziari oihuka hasi zen, bikotekideak atxilo eramateko ezer ez zuela egin kexatuz. Ertzain batek buelta eman, eta emakumeari bultza egin eta lurrera erori zen, eta ondorioz konortea galdu zuen.

Gau hartako gertakariaren kontakizun hori egin diote El País egunkariaren Kolonbiako edizioari emakumearen familiako kideek. Diskoteka horretako langile batek, erasoaren lekuko izan zenak, azaldu du "harrituta" zegoela une hartan, emakumea "konorterik gabe" egon arren berari kolpeka jarraitu baitzuen ertzain batek. Testigu horrek ere ohartarazi du ertzain batek "indartsu" kolpatu zuela.

Familiaren salaketaren arabera, Ágredo ziegara eraman zuten osasun arretarik jaso gabe, eta bertan ere haren aurka kolpeka jarraitu zuten. Ondoren, emakumea Donostiako ospitaleko ZIUra eraman zuten: El Paisek argitaratu duenez, biktima bizpahiru egun egon zen ospitalean ingresatuta, eta garuneko edema bat eta parenkima barneko hematoma bat atzeman zizkioten medikuek. Marling Palaciok, izebak, adierazi duenez, Ertzaintzaren erasoa jasandako emakumeak gorputzaren ezkerreko aldea geldituta dauka oraindik, eta ez du beso baten mugikortasuna berreskuratu.

Ertzaintzak baieztatu du El Paíseko argitalpenari buruzko informazioa bilatzen ari direla, Naiz hedabideari jakinarazi dionez.