argia.eus
INPRIMATU
Donostiako bi familia etxegabetze arriskuan daudela salatu du Kaleratzeak Stop plataformak
  • Zaurgarritasun ekonomikoaren baldintzak betetzen dituzten arren, Santander bankuak ordainketak epe batez etetea ukatu die bi familiei.

Irutxuloko Hitza @irutxulo Olatz Balda 2024ko irailaren 13a
Jose, Narcisa, Mercedes eta Jose Ramon etxegabetze arriskuan daude. (Argazkia: Olatz Balda / Irutxuloko Hitza)

Amara eta Altzako bi familia dira. Bi senar-emazte eta 60 urteren bueltan denak. Biek ala biek zor dituzten ordainketak atzeratzeko eskatu diete Santander bankuari, baina bi kasuetan ukatu egin dizkiete. Narcisa eta Jose bikotearen kasuan, prozedura judiziala abiatu dute dagoeneko eta enkante fasean dute etxebizitza; hortaz, epe laburrean etxegabetu ditzakete. Mercedesen eta Jose Ramonen kasuan, berriz, prozedura edozein unetan abiatu dezakete.

Egoera horren aurrean, Kaleratzeak Stop plataformak elkarretaratzea egin du Askatasunaren hiribideko sukurtsalaren aurrealdean; ordainketak bost urtez eteteaz gain, bikote horien aurkako prozesu judizialak bertan behera utz ditzatela exijitu diote bankuari: “Onartezina da Santander bankuak betekizun horiek malgutzeko borondaterik ez izatea”, salatu du Kaleratzeak Stop plataformako bozeramaile Rosa Diezek.

Etxebizitza eskubidearen aldeko plataformaren arabera, bi familiak zaurgarritasun ekonomikoaren baldintzak ia guztiak betetzen dituzte, bat salbu, eta horri heldu dio bankuak: Bankuek era guztietako amarruak erabiltzen dituzte oso zorrotzak izateko eta bost urteko etetea ahalbidetzen duen banku jardunbide egokien kodea ukatzeko”, adierazi du Diezek. Diru sarreren zenbatekoa da,familia bati ukatu dioten baldintza; eta etxebizitza beraren prezioa, bestearena.

Mercedesek eta Jose Ramonek 1.228 euroko diru sarrerak dituzte —%72ko ezintasunagatiko pentsiotik eta diru sarrerak bermatzeko errentatik datoz—eta euriborra aplikatzerakoan, ordaindu behar duten kuotak 670 euroak gainditzen ditu, euren ditu sarreren erdia baino gehiago.

Narcisa eta Joseren kasuan, berriz, 2007ko martxoan erositako 43 metro koadroko etxebizitzak 200.000 euroko kostua izan zuen, Garraio Ministerioak aldi horretan Gipuzkoarako ezarrita zuena baina 50.000 euro gehiago.  “Kontuan izan behar da Etxebizitza Ministerioak estatu osoko batez bestekoa hartzen duela. Imajina ezazue nola zegoen orduko burbuila, 43 metro koadroko etxebizitza baten kostua 200.000 eurokoa bazen“, zehaztu du bozeramaileak.