Donostiako Añorga auzoko “Añ-13.2 Cantera” (Mercadona berria) obretan irregulartasunak salatu dituzte Ekologistak Martxan, Eguzki eta Haritzalde eragile ekologistek. Haien esanetan, baimenduriko eremutik at ari dira lanean, “legearen kontra eta garrantzi handiko balio naturalen kaltetan”.
Azaldu dutenez, harrobiko hondeaketatik ateratako harri eta materialak baimenduriko mugetatik kanpo ari dira pilatzen, eta horiek garraiatu ahal izateko “legezkoak ez diren” pista berriak eraiki dituzte. Salatu dute gisako jarrerak kaltegarriak direla “larreak, hariztiak eta baso mistoa” dituen zonaldearentzat. “Ikaragarri eragiten du inguruko paisaian, batez ere babestua dagoen Unanue Natura Parkean”, azaldu dute.
Naturaren kontserbazioa administrazioaren premien artean ez egotea deitoratu dute eragile ekologistek, eta erantzukizunez jardutea exijitu diote Donostiako Udalari: “Baimenik gabekoa berehala geldiaraztea, beharrezkoak diren zigor espedienteak irekitzea eta kalteturiko eremua lehengoratzea”.
Salaketa gezurtatu du Donostiako Udalak
Donostiako Hirigintza zinegotzi Enrique Ramosek eragile ekologisten adierazpenak gezurtatu ditu, eraikuntza lanek Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuaren eta udal teknikariaren oniritzia dutela esanez. Azaldu duenez, beharrezkoak dituzten baimen guztiak dituzte beren esku. “Ez dugu legezkoa ez den ezer baimenduko”, gaineratu du.
Egitasmoaren aurkakoek azaldu dute Udala herritarrak engainatu nahian dabilela: “Oniritzia izatea eta baimena izatea ez da gauza bera”. Adierazi dute Ramos zinegotziak, eragile ekologisten salaketa gezurtatzen ahalegindu zenean, oraindik ez zuela baimenik eta azpimarratu dute baimena ez dela legezkoa, “Euskadiko Lurzoruaren eta Hirigintzaren Legearen 36 eta 135 artikuluen aurka doalako”.
“Belartza 2”
Eraikuntza obretako harri eta materialak “Belartza 2” proiektua eraiki nahi duten zonaldean ari dira pilatzen. Udalak 2009an sinatu zuen “Belartza 2” egitasmoa, Añorga auzoko industrialdea 209.000 metro koadro handitzeari bidea irekiz. Oraindik ez dute proiektuari ekiteko baimenik.
Minduta eta haserre daude bertako bizilagunak. Salatu dute Udalak bere aldetik jardun duela, auzotarrak kontsultatzeko asmorik gabe. Auzotarrek duela gutxi izan dute “Belartza 2” egitasmoaren berri.