argia.eus
INPRIMATU
Donostiako auzo elkarteak, terrazen espazioa handitzeko asmoaren kontra
  • Donostiako auzo elkarteek hiriko espazio publikoa defendatzeko eskatu diote Udalari.

2020ko maiatzaren 06a
Argazkia: EITB

Tabernak irekitzearekin bat terrazen espazioa handitu eta ordutegia luzatu litezkeela-eta kezka agertu dute Donostiako hainbat auzo elkartek. Udalari eskatu diote terrazen inguruan hartuko diren neurriak zehazteko. "Datozen asteetan ere pertsonen arteko distantzia mantendu beharko dugu gure osasuna babesteko, eta batzuek terrazek espazio handiagoa hartzea nahi dute, espazio publikoa abandonaturik balego bezala, inork kolonizatu zain bere mahaiak hantxe jartzeko".

Kale eta auzoetan pertsonen arteko tartea mantentzea bermatua egon dadin eskatu dute, baina espazio publikoaren inguruko ordenantzak ez leuntzea ere.  "Egoera hau alarma-egoera indarrean sartu baino lehenagotik dator", adierazi dute. "Auzo elkarteok denbora daramagu taberna eta terrazek espazio publikoaz egiten duten erabilerari buruzko ordenantza aldatzeko eskatzen". Haien hitzetan, herritarrek metro eta erdiko tartea beharko dute atarira sartu eta kalera irteteko, eta ez ordenantzak jasotzen duen 60 zentimetroko tartea".

Eskaerarekin bat egin duten auzo elkarteak:  Parte Zaharrean Bizi, Lantxabe-Aiete, IZBE-Intxaurrondo, Harripe Herrera-Altza, Egia Bizirik,  Hondarpe-Gros, Amara Berri, Ulia eta Bera-Bera; eta Bizilagunekin plataforma.