argia.eus
INPRIMATU
Donostiako autobus gidari baten jarrera euskarafoboa salatu dute
  • Donostiako autobus gidari batek maiatzaren 2an, bere hizkuntza eskubideak urratzeaz gain, erantzun euskarafoboa bota ziola salatu du herritar batek. Gertakari horren berri Hizkuntza Eskubideen Behatokiak eman du. ARGIAk pertsona horrekin hitz egin du, zer gertatu zen jakiteko.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko ekainaren 12a

Maiatzaren 2an gertatu zen, 18:25ean Donostian. Familia bat, bi ume txikirekin, 26 zenbakiko autobusa hartzeko zain zegoen Urbieta kalean. Egun euritsua zen, eta haurrak aulki banatan zeuzkatenez autobusa heldu zenean, atea irekitzeko eskatu zion I. Y.-k gidariari. Lehen aldiz euskaraz eskatu zion kontatu duenez (“Kaixo, barkatu, atzeko atea ireki dezakezu, mesedez?). Lehen aldi horretan gidariak keinu egin zion ez ziola entzun eta irratiaren bolumena jaitsi zuen. Bigarren aldiz euskaraz esan zion: “Atzeko atea ireki dezakezu, mesedez?”. Gidariaren erantzuna, aurpegi txarrarekin, “no te entiendo” (ez dizut ulertzen) izan zen. Hirugarren aldiz, gaztelaniaz eskatu behar izan zion eta gidariak “harrokeriaz” erantzun zion: “Ahora sí, habérmelo pedido bien desde el principio” (Orain bai, hasieratik ondo eskatzea besterik ez zenuen).

Berak hasieratik euskaraz eta “errespetuz” eskatu ziola erantzun zion I.Y.-k, eta hizkuntza ulertzeko arazoa izateak ez ziola arrazoirik ematen berari horrela hitz egiteko. "Gidariak harro jarraitu zuen berean", salatu du. Orduan, autobusera igo zen eta I.Y.-k oroitzen du “oso oso haserre” jaitsi zela autobusetik.

Hizkuntza Eskubideen Behatokian salaketa jarri zuen. Ez da lehen aldia Donostiako autobus zerbitzuan halako urraketak gertatzen direla, Behatokiaren informazioaren arabera.

Behatokia herritarren zerbitzuan dago

“Urtez urte ikusten dugu herritarrei ematen zaien zuzeneko arreta edo zerbitzuen inguruan urraketa asko ematen direla eta erakunde horiek barkamena eskatu arren, urraketak berriz errepikatzen dituztela”. Hala salatu du Hizkuntza Eskubideen Behatokiko zuzendari Agurne Gaubekak. Urraketa mota horiek, lanpostuetan euskararen ezagutza ezaren ondorio direla dio. Horrez gain, lanpostu horietan ari diren pertsonei ez zaizkiela herritarren hizkuntza eskubideak errespetatzeko jarraibideak ematen ere salatu du. “Horregatik, herritarrak euskaraz zuzentzen zaizkienean langile horiei, bueltan erantzun txarrak eta desegokiak jasotzen dituzte”, salatu du. Urraketa horiek hizkuntza eskubideekiko lege betebeharrak dauden lekuetan ere gertatzen direla dio, eta Behatokitik uste dute bereziki zaindu behar direla azpikontratatutako zerbitzuak. “Askotan horietan ezartzen diren kontratu eta klausuletan hizkuntzarekiko betebeharrak ez dira zehazten.”

Hizkuntza Eskubideen Behatokia Euskalgintzako Kontseiluak sustatu eta bideratu duen fundazioa da. Hizkuntza-eskubideen urraketen aurrean, euskaraz bizi nahi duten herritarrei oztopoak gainditzen laguntzen die. Euskara Telefonoa izeneko doako zerbitzu bat eskaintzen diete herritarrei, elkarteei eta entitateei, hizkuntza-eskubide urraketak salatzeko.