argia.eus
INPRIMATU
Donostiako Aste Nagusiko kultur ekitaldietan gaztelera eta ingelesa nagusi
  • Bagera Elkarteak salatu du Donostiako Aste Nagusiko egitarau ofizialaren kultur jarduera gehienak gazteleraz eta ingelesez direla.
IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko abuztuaren 14a

Donostiako Aste Nagusian euskararen presentzia urria salatu du Bagera elkarteak. Katalunia plazako (Gros) gauetan, adibidez, jardueren %80a gazteleraz dela esan du. Bulebarreko gauetan, bestalde, jardueren %28,5a bakarrik direla euskaraz salatu dute, ingelesaren pare; jardueren beste %43a gazteleraz dira.

Donostiako Aste Nagusiko musika-gune nagusian, Saguesen, bederatzi kontzertutik bi bakarrik euskaraz direla ere esan du euskararen aldeko elkarteak. Esne Beltza eta Huntza taldeen abestiak izan dira plaza honetan musika euskaraz gozatzeko aukera bakarrak.

Festek iraungo duten bitartean, euskararen presentziaren inguruko ikerketak egiten jarraituko du elkarteak, eta jaietan ere euskaldunok euskaraz bizi eta gozatzeko eskubidea aldarrikatu du. Jaiak hasi aurretik euskararen presentzia aztertzeko behatzaileak behar zituen elkarteak, eta geratzen diren egunetan laguntza eskertuko dutela adierazi dute.