Donostiako Piraten gune nagusiak 21 talderen emanaldiak jasoko ditu abuztuaren 10etik 17ra bitarte. Aurten ere, emakumeen oholtza gaineko presentzia indartzen jarraitzea izan da antolatzaileen helburu nagusia.
Aurtengo Aste Nagusia abuztuaren 10etik 18ra luzatuko da, eta udara iristear dagoela, Donostiako Piratek euren jaien lehen aurrerapena egin dute Flamenka guneko kontzertuen aurkezpenarekin. Guztira 21 talde igoko dira kaiko oholtza nagusira, jaia era askotako doinuekin girotzeko asmoz.
Aurreko urteetako dinamikari jarraituz, agertokietan sarritan murritza den emakumeen presentzia indartzea izan da aurten ere piraten erronka nagusia. Honakoan, 21 taldeetatik hamabostetan joko dute emakumeek: Ezten Giro, The Lizards, McOnak, Xavi Sarria, Flaca, Alvva, Brava, Nizuri Tazuneri, Tribade, Izaki Gardenak, Grises, Skabidean, Gora Etorri, Liher eta The Baboon Show.
Ze Esatek! talde gipuzkoarrak bere ibilbideko azkeneko kontzertua eskainiko du abuztuaren 12an, hamar urteren ondoren Flamenka gunetik bere jarraitzaileei agur esateko. Beraiekin batera, Donostiako beste talde batzuk igaroko dira jaietan zehar oholtza gainetik, hala nola, Nizuri Tazuneri, Madeleine, Liher eta Dabadabako harrobitik ateratako Flaca, Alvva eta Brava Dj-ak.
Aste Nagusi Piratako musika egitaraua: Flamenka gunea
Larunbata 10: Ezten Giro
Igandea 11: The Lizards, Kaleko Urdangak eta Rude Pride
Astelehena 12: McOnak, Xavi Sarria eta Ze Esatek!
Asteartea 13: Nizuri Tazuneri, Tribade eta Shotta
Asteazkena 14: Pal Piso: Flaca, Alvva & Brava
Osteguna 15: Izaki Gardenak, Madeleine eta Grise
Ostirala 16: Skabidean & The Black Birds, Bad Sound eta Gora Etorri
Larunbata 17: Liher eta The Baboon Show