Donostiako Herri Harresian atxilotutako gazteen abokatuek Espainiako Zigor Kode berriaren arabera gradua jaisteko eskatu zuten, baina Auzitegi Gorenak ukatu egin du eta beraz, sei urteko kondena osotasunean bete beharko dute, espetxean jarraitzen duten bost gazteek.
2015ean egin zuten Zigor Kodearen erreformaren arabera, zigorra gradu bat edo bi jaits daiteke erabilitako bitartekoak eta eragindako ondorioak “objektiboki larritasun txikikoak diren” delituetan. Honela egin zuten 2015eko abenduan Ainhoa Villaverde eta Ibon Esteban Segiko kideekin: ekintza soilik politikoak egozten zizkietenez, sei urtetik bi urtera jaitsi zieten zigorra.
Donostiako Segiko kide izateagatik kartzelan jarraitu beharko dute sei urteak bete arte Imanol Vicente, Nahikari Otaegi, Mikel Arretxe, Egoi Alberdi eta Ekaitz Ezkerrak. Denak aurten aterako dira Ezkerra izan ezik, behin behineko espetxealdirik izan ez zuen bakarra izanik, sei urteak jarraian egin beharko dituelako.
Pasa den apirilean auzi bereko Adur Fernandez, Oier Lorente eta Aitor Olaizola aske geratu ziren, sei urteak osorik beteta.