argia.eus
INPRIMATU
Donostiako Arroka kaleko frontoia eraitsi du Udalak
  • Amara auzoko frontoi enblematikoa eraisteari ekin dio Donostiako Udalak, hirigintza planean aldaketak egin ostean. Bizilagun elkarteen protesta zela eta galdeketa egin zuten joan den martxoan baina frontoia botatzearen alde agertu zen bozka eskubidea zuten bizilagunen gehiengoa.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko abuztuaren 02a
Arroka kaleko frontoia eraitsi dute arratsalderako. (Argazkia: L. Arbelaitz)

1936ko amaratarren erresistentzia gogoratzen zuen muralak jada ez du Kaxilda liburu dendaren terraza atonduko. Donostiako Amara auzoak bizi duen eraldaketa prozesuaren ikurra izan da orain arte frontoi zaharra. Orain plaza erraldoi bat bihurtuko da Arroka kalearen atzealdea, herritarrek hala eskatuta.

Hilabete luzez protesta egin zuen Amara Bai auzo elkarteak "Goia ez bota frontoia" leloarekin. Beren esanetan, azken plan urbanistikoak auzoaren nortasuna galtzea ekar dezake, eta horregatik bizliagunentzat horren ikonikoa den frontoia mantentzeko beharra aldarrikatu izan dute.

Azkenean Udalak onartu zuen galdeketa egitea eta martxoan burutu zen. Botoa eman zezaketen bizilagunak 2.558 ziren, eta partaidetza %49,8 izan zen, bereziki altua gisa honetako galdeketetan. Frontoiaren alde 527 lagunek eman zuten arren, hau bota eta bertan plaza egitearen alde 734 lagunek egin zuten, eta beraz, gaur hasi dituzte eraisketa lanak.