argia.eus
INPRIMATU
Etxeko Azoka
Donostiako 140 etxe tokiko elikagai ekologikoz hornitzen
  • Gipuzkoako hamasei ekoizle ekologikok bat egin zuten konfinamendu hasieran Donostiako etxeetara tokiko produktu ekologikoak helarazteko. sareko.net plataforma lehendik sortua zuten, eta egoera berrira egokituta, Donostian etxez etxeko banaketa egiteari ekin diote. Denetariko produktuak eskatu daitezke plataforma horretan, denak bertakoak eta ekologikoak: barazkiak, sagardoa, esnekiak, gaztak, arrautzak, ogia, marmelada, pasta freskoa...

Garazi Zabaleta 2020ko maiatzaren 14a

Gipuzkoako hamasei ekoizle ekologikok bat egin zuten konfinamendu hasieran Donostiako etxeetara tokiko produktu ekologikoak helarazteko. Ekoizle horiek bazuten lehendik haien arteko harremana, Euskadiko Nekazaritza Ekoizpen Ekologikoaren Kontseiluak (ENEEK) eta Gipuzkoako Biolur elkarteak ostalariei produktu ekologikoak eskaintzeko sortutako proiektu pilotua zela-eta. “Internetez eskaerak egiteko plataforma martxan zegoen jada, Sareko.net. Justu denda digital hori prest zegoen unean iritsi zen COVID-19aren krisi hau”, azaldu digu Asier Bastarrika Goiabe Sukaldeko ekoizleak eta proiektuko kideak.

Egoera berrira egokitutako tresna

Koronabirusak eragindako egoera berrian, eta ekoizleentzat beraien salmentak egitea nola zaildu zen ikusita, jada sortua zegoen plataforma horri beste erabilera bat ematea pentsatu zuten: “Krisi honen lehen bi asteetan antolatu ginen, plataforma erabilera berrirako moldatu eta elkarlanean hasi ginen Donostian banaketak egiten”. Proiektura batutako ekoizleen bidez, denetariko produktuak eskaintzen dizkiete familiei: barazkiak, sagardoa, esnekiak, gaztak, arrautzak, ogia, marmelada eta bestelako ontziratuak, pasta freskoa, eztia... “Jendeari erosketa ahalik eta zabalena egiteko aukera eman nahi diogu”.

Astean bitan egiten dute produktuen etxez etxeko banaketa. “Bi bide ditugu: Oria ingurutik biltzen ditugu produktuak alde batetik, eta Urolatik bestetik. Denak Hernanin bildu eta etxez-etxeko banaketa egiten dugu jarraian”. Familiek igande arte dute astearteko banaketarako eskaerak egiteko aukera, eta astearte iluntze arte ostiraleko banaketakoa egiteko. Erantzun oso ona jaso dute, pozik daude ekoizleak: 140 etxetan egin dituzte 220 banaketatik gora.

Kontsumoan aldaketa?

Tokiko produktu ekologikoak soilik eskaintzen dituzte Etxeko Azoka proiektuan, eta erantzun ona izan dutela ikusita, jendea krisi garaiotan kontsumo ohiturak aldatzen ari ote den galdetu diogu Bastarrikari. “Nik esango nuke zertxobait baietz, iruditzen zait kontsumo taldeak ere berpiztu direla egoera honetan. Ez dakit momentuko beldurra edo zer izan den, baina egia da jendarteak erantzuna eman dion kasik gauza bakarrenetakoa izan dela elikaduraren eta baserritarren gaia: lortu da azokak irekitzea adibidez”, dio.

Plataforma bidezko salmentak mantentzea lortzen badute aurrera begira ere funtzionatzen jarraitzeko asmoa dute proiektuko kideek. “Erraminta oso interesgarria da, denden eta kontsumo taldeen osagarria izan daitekeena”.