argia.eus
INPRIMATU
Ibilbide dekolonialak (I)
Donostia: non gogoa, han ezpata

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2024ko uztailaren 30a
Senegaldarrak Monte Igeldo jolas parkean, 1926an.

Turista jende oldeez ihes egin eta Kontxako barandatik Donostiako kaira begiratzea lortzen baduzu, agian joango zaizu irudimena itsas merkatal hiri bizia izan zen garaira; kaioen soinu bandak lagunduko dizu horretan. Akaso eleberri barojiarren batean murgilduko duzu gogoa, eta nautiko zein kapitainak zain izango dituzu auskalo zein paretetan zintzilikaturiko Antilletan. Baina ez gaitezen hain erromantiko jarri, Donostiak badituelako beste historia ilunago batzuk ahaztuta bere paretetan.

Metropolitik kolonietara eta kolonietatik metropolira, ehunka urtetako aberastasuna pilatu da indarkeriazko trafikoarekin hemen ere. Ibilbide hau hasiko dugu Uliako magalean, Manteo kultur etxearen (1) eraikinean. Okendotarren XVI. mendeko etxeak dotore erakusten ditu bere harlanduak eta armarria. Miguel Okendok Felipe II.a Espainiako erregearentzako Gipuzkoako eskoadran egindako zerbitzuen saria da, sarraskituriko indiarren eta zapaldutako donostiarren umiliaziorako.

Leinu hartako seme batek Antonio Okendo espainiar enperadorearen almirante izandakoak, badu plaza bat (2) Urumea ertzeko tokirik hoberenean, eta haren erdian garai eta harro ageri da bere eskultura, foru galerarekin gure balentriak erakutsi beharraren sinbolo. Gipuzkoa Plazako Diputazioaren eraikinean (3) loriaturiko bost gizon handietako bat dugu Okendo ere, Urdaneta, Elkano, Legazpi eta Lezorekin batera.

Handik ez oso urrun, Alde Zaharrak ilustratuen garaiko edifiziorik ezagunena erakutsiko digu: Koruko Andre Maria basilika (4). Badu halako aire bat bisitariek gehien fotografiatzen duten tenplu hark. Zer du? Kolonialismoa dario.

Ez alferrik eraiki zen Caracaseko Gipuzkoar Errege Konpainiaren diruekin; kakaoarekin ez ezik, esklaboekin ere trafikatzen zuen enpresa txit goraipatuak –12.000 esklabo garraitu zituen, Hugh Thomas historialariaren arabera–. Kaiko moilan dagoen Kontsulatuaren dorretxea (5) ere, egun Euskal Itsas Museoa,  garai hartan eraiki zen fortuna antzekoen gerizpean, barruak marmolez apainduta.

XIX. mendean Donostiak harresiak eraitsi eta zabalguneekin "bidea libre" geratu zitzaon burgesiari negozioetarako, Josu Tellabide etnologoak gogoratu digun bezala. Hareatzetan jasotako etorbide berri horietan barrena abiatuko gara, XX. mendeko frankismora arte zizelkatutako izendegiari bea: errege-erreginen izenak eta espekulatzaileen deiturak dira jaun eta jabe.

Antiguara iritsita, Matia kalea (6).  Manilatik Kuba, Peru eta Panamara txinatarrak garraiatu zituen José Matia laudioarraren omenez jarria, bere ondasunak utzi zituelako egun Matia Fundazioa den horretan. Eta ez oso urrun, Brunet kalea (7), Amerikako esklaboekin ekoitzitako kotoiaren negoziante familia. Hondartzaren kontran, berriz, Satrústegi etorbidea (8) dugu. Patricio Satrústeguik kabotaje enpresa batekin esklaboak garraiatzen zituen Kuban XIX. mendean, Antonio López enpresari ezagunarekin eskuz esku. Besteak beste, horri esker eraiki zuen Igeldoko mazeletan oraindik zutik den Satrustegui jauregitzarra (9).

Bidea amaitu dezakegu "Monte Igueldo" (10) jolas parkean nahi badugu. Baina ezin ahaztu zoo humanoak antolatu zituztela hor ere, Europako beste hiri askotan bezala –Irutxuloko Hitza-n Xalba Ramirezek kontatu digunez–. 1926an senegaldar jatorriko hiru tribu "kontratatu" zituzten horretarako. Igeldoko talaiatik Donostiako kaira so, kaioen soinu banda berriz ere... Notak ez al zaizkizu estridenteago orain?

 

[Artikulu hau ARGIAren Gakoak 2024 108 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]