argia.eus
INPRIMATU
Donostia “lehenbailehen” udalerri tentsionatu izendatzea eskatu dute
  • Azora funts putrearen maizterrak diren beste lau familiaren etxegabetzea geldiarazi nahi dute Inquilinos de Azora, Alokairu Benta Berri eta Kaleratzeak Stop eragileek. Horretarako, Donostiako Udalari, Gipuzkoako Foru Ogasunari eta Eusko Jaurlaritzari zenbait eskaera egin dizkiete, eta "jarduteko borondate politikoa" galdegin diete.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko ekainaren 26a

Donostian bizi nahi dugu lemapean, Inquilinos de Azora, Alokairu Benta Berri eta Kaleratzeak Stop eragileek batera zenbait eskaera egin dizkiete instituzio publikoei; besteak beste, galdegin dituzte alokairu prezioak eta funts putreak mugatzeko baliabideak.

Hiru eragileek salatu dute errenta ertain eta baxuak dituzten “milaka euskaldunentzat drama soziala” dela etxebizitza duin eta eskuragarria lortzea, jabe handiek bultzatutako alokairuen “prezio ordainezinengatik”. Aterabidea mahai gainean jarri dute eta instituzioei neurriak hartzera dei egin diete: “Konponbidea da alokairuak mugatzea eta hutsik dauden etxebizitzak alokairu sozialerako mobilizatzea”.

Donostiako Udalari eskatu diote Donostia udalerri tentsionatu gisa izendatzen duten dokumentuak “presaz tramitatzeko”, familia horiek eta beste batzuek hiru urteko luzapena eskatzeko aukera izan dezaten eta urriaren 31rako aginduta dagoen kaleratzea eragozteko. Hori dela eta, ekainaren 27an udalbatzara gerturatzeko deia egin dute, 11:45ean, udaletxeko atean.

Foru Ogasunari eskatu diote Etxebizitza Ministeriora lehenbailehen bidaltzeko Gipuzkoako zergadunen izenik gabeko datuak –ekainaren 30ean errenta-aitorpenaren ekitaldiaren amaierarekin–, “udalerrietako alokairuen prezioen erreferentziazko indizeak egiteko”. Eusko Jaurlaritzari eske hau egin diote: “Atzerapenik gabe Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitara dezala Donostiako udalerria tentsionatutzat jotzeko prozeduraren agindua”.

Atzerapenik ez izatean enfasia jarri dute erakundeek, “ulertezina” ikusten dutelako oraindik EHAAn argitaratu gabe egotea Errenteria udalerri tentsionatutzat jotzen duen agindua. Izan ere, Errenteria lehen udalerria izan zen Eusko Jaurlaritzari eremu tentsionatu izendatzeko eskaera formala egin ziona, baina neurria ez dute ofizial egin. Administrazioei “jarduteko borondate politikoa” eskatu diete, “eta ez hauteskunde-kanpainan bakarrik”.

Kaleratzeko arriskuan dauden familiek eskerrak eman dizkiete eskaerekin bat egin dutenei eragile eta alderdi politikoei: “Azora funts putrearen lau maizter familiok eta deialdia egin duten plataformok eskerrak eman nahi dizkiegu herritarrei, EH Bilduko eta Elkarrekin Podemos-IUko zinegotziei eta batzarkideei”.