argia.eus
INPRIMATU
Donostia: Kultura feministaren akuilu
  • Astelehenarekin hasi eta larunbatera arte egingo dute Feministaldia, kultura feministaren inguruko jardunaldiak, Donostian. Makina bat ekimen antolatu dituzte: besteak beste, bideo-emanaldiak, solasaldiak eta tailerrak.

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2013ko abenduaren 09a
Feministaldiako aurtengo afixa.

Plazandreok emakumeen plataforma politikoak antolatuta, zortzigarren edizioa da aurtengoa. 'Belaunaldiartean: tentsioa-ihesa-amodioa' leloa aukeratu dute jardunaldiak aurkezteko. Ekimen guztiak Easo kaleko 2016 gunean eskainiko dituzte.

Egitaraua, egunez egun

Astelehenarekin, Inmaculada Salinas sortzaileak berak egindako obren inguruan hitz egingo du Narrazioak izeneko solasaldian, 18:00etan.

Asteartean, bi proiektu aurkeztuko dituzte: Maria Ptqk eta Gender Art Net. Biak ala biak, genero eraikuntzaren inguruko egitasmoak. 18:00etatik 21:00etara.

Ostegunean, Las Muertes Chiquitas (Heriotz txikiak) Mireia Sallarésen bideo-sorkuntza proiektatuko dute. ‘Heriotz txikiak’ Mexikon, lagunarteko giroan, orgasmoen inguruan hitz egiteko erabiltzen duten eufemismoa da. Horregatik, Sallarések sexualitatearen gaia darama pantailara, baina ez hori bakarrik. Hainbat kontzepturi buruzko hausnarketa baita lana: orgasmoa, mina, plazera, boterea, indarkeria eta emakumeen erailketa ere azaltzen dira.

Ostirala eta larunbata, egun beteenak

Jardunaldiei amaiera emateko, ekimenez mukuru daude azken bi egunak —Egitarau osoa, Feministaldiaren webgunean aurki daiteke—.

Ostiralean, El vuelo de Dora Salazar dokumentala, Consonni egitasmoaren eta Enjambre emakumeek egindako komiki bildumaren aurkezpenak eta komiki tailerra eskainiko dituzte.

Komiki ikastaroa da eguneko ekimenik garrantzitsuena. Izan ere, Susanna Martin marrazkilariak komiki bat sortzeko oinarrizko urratsak azalduko ditu ‘Komiki bat ez da lau ordutan burutzen’ izenburupean.

Azken egunean, larunbatean, alegia, honako hauek dira prestatu dituzten ekimenak: 'Las Muertes Chiquitas'en harira antolatutako tailerra, antzerkiaren inguruko hitzaldia Arantxe Iurreren eskutik: ‘Emakumea arte eszenikoetan XX. Mendean' eta La maison des Babayagasen aurkezpena.

La maison des Babayagasen aurkezpena da larunbateko ekintza interesgarrientako bat. Proiektuan adineko emakumeak bildu dira, elkartasunean eta autogestioan oinarritutako bizimodu bat garatzeko asmoz. Dominique Doréken eskutik.

Artistei eta ekitaldie buruzko informazio gehiago jardunaldien webgunean topa daiteke.