argia.eus
INPRIMATU
Donostia turismoaren neurrira diseinatzen ari direla salatu du manifestazio jendetsu batek
  • Donostia Defendatuz plataformak deituta eta 48 eragileren babesarekin, milaka lagun mobilizatu dira igandean Gipuzkoako hiriburuko kaleetan. 12:00tan abiatu da Easo plazatik, Donostia ez dago salgai, berreskura dezagun Donostia lelopean. Desadostasuna agertu dute Donostiako Udalaren kudeaketarekin, eta salatu dute hiria "enpresa handien negoziorako eta turismorako eredu gisa" eraikitzen ari dela.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko maiatzaren 22a

Udalaren "kudeaketa txarrarekin" desadostasuna agertu dute 48 eragileek, eta salatu dute Donostiako Udal Gobernuaren jarduera, ondare arkitektoniko, natural eta soziokulturalaren eta merkataritza txikiaren aurkako "etengabeko erasoa" dela: "Udal politiken emaitza banaezina da, sistematikoki interes ekonomiko handiei laguntzen baitiete, eta horien bidez, Donostiako Udalak bere diru-kutxen finantzaketa lortzen du".

Hala, Donostia "hiri industria turistikoaren neurrira" diseinatzen ari direla azpimarratu du plataformak: "Donostia enpresa handien negoziorako eta turismo masifikaturako hiri-eredu baten modura eraikitzen ari dira, eta ez pertsona guztiak zaintzen dituen bizitzeko hiri bat bezala".

Alarma sortzen duten hainbat jarduera aipatu dituzte, besteak beste, Basque Culinary Centerren bigarren eraikina eraikitzeko proiektua, San Bartolome muinoan lurpeko aparkalekua eta merkataritza gunea egiteko proiektua, hiriaren ikono izan diren RENFE geltoki historikoaren eta Bellas Artes eraikin enblematikoaren eraisteak, eta pisu turistikoetan eraginkorra ez den arauketa.

Jarduera horiek Donostiako Udalak sustatutako "arazo endemiko eta ez-puntualtzat" jotzen dutenaren adibide batzuk baino ez direla azaldu dute.