argia.eus
INPRIMATU
Donostia Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen “puntu beltza” delako, mobilizazioak iragarri dituzte
  • Donostia Bizirik plataformak eta Errausketaren Aurkako Mugimenduak salatu dute Donostia hiri burua dela Gipuzkoan gutxien birziklatzen duen udalerria dela eta agintariei eskatzeko "ipudia mugi dezatela", mobilizazioa deitu dute maiatzaren 17rako, Birziklatzearen Nazioarteko Egunerako eta beste ekitaldi bana aurreko bi larunbatetan.

Zero Zabor @zero_zabor 2019ko maiatzaren 03a

"Ofiziala da –esan dute Donostia Bizirik eta EAMeko ordezkariek hedabideen aurrean– Donostia da Gipuzkoan pertsonako zabor kopururik handiena sortzen duen herria eta aldi berean, organiko gutxien birziklatzen duena. Inguruko herrietan aldaketak egin dituzte eta orain ofizialki gara azkenputz zerrenda lotsagarrian".

Donostiak urtean 288 kg errefus sortzen ditu pertsonako, eta gaikako bilketan %40-an dabil, Gipuzkoak bataz beste ematen dituen kopuruen oso gainetik, donostiarra izanik lau gipuzkoarretik bat, lurraldearen kopuruak asko okertuz. "Donostiako Udalak –salatu dute– azken lau urteetan praktikan ez du ezer ere egin errefusa kopurua murrizteko. Gutxiengo batek hondakinak bereizi eta organikoa birziklatzen du, eta gehiengoak ez du ohiturarik aldatzen. Inork ez dio aldaketarako bultzadarik egiten. Bitartean, erraustegi bat egiten ari dira 5 kilometrora. (...) Zer interes dauka Donostiako Udalak hondakinen bilketa eraginkor bat ez bultzatzeko? Ez al da izango Donostiak urtero sortzen dituen ia 55.000 tonelada hondakin nahasiak nahi dituztela Zubietan eraikitzen ari diren erraustegia etengabe elikatzeko?".

Donostia Bizirik eta EAMek Donostiako Udalari eskatu diote "mugitu ipurdia" eta 2020. urtean gaikako bilketan %65era iritseko har ditzala neurriak berehala, hainbat neurri zehatz aurreratuz, Gipuzkoako herri askotan martxan dauden neurriak. Eta herritarrei eskatu die, ardura nagusia erakundea izan arren, haiek ere ohiturak alda ditzatela, etxe, lantoki, elkarte eta inguruetan organikoa bereizi eta kontzienteki jokatuz.

Bi herri mugimenduek deialdi nagusi bat egin dute maiatzaren 17rako, Birziklatzearen Nazioarteko Eguna: 19:00etan mobilizatuko dira. Aurretik, milaka eskuorri banatuko dituzte Donostiako auzoetan barrena, eta beste bi ekitaldi berezi burutuko dituzte tarteko bi larunbatetan, maiatzaren 4an eguerdiko 12:00etan Groseko Katalunia plazan eta maiatzaren 11n, Amara Zaharreko Easo plazan, birziklatzea aldarrikatuz erakusteko zein den hiriko egoera erreala. "Garbi izan behar dugu –adierazi dute Zubietako erraustegiaren bultzatzaileei aipamen eginez–: gure hondakinik gabe, agur beren negozioa".

[Ikus-entzun albistea Hamaika Telebista katean.]