argia.eus
INPRIMATU
Donostia “etxegabetzerik gabeko hiri” izendatu dute
  • Ostegunean Kaleratzeak Stop plataformak abiarazitako mozioa onartu du Donostiako Udaleko udalbatzak. Donostia “etxegabetze eta enkanterik gabeko” hiri izendatu dute EH Bildu, Irabazi eta PSEren aldeko bozei esker. PP eta EAJ abstenitu egin dira.

Martin Mendizabal Garai @mendigarai 2015eko irailaren 25
Asteazkenean Eneko Goiak bilera egiteko deitu zien plataformako kideei (Argazkia: Kaleratzeak Stop)

Proposamena EH Bildu eta Irabazi alderdiek aurkeztu dute. Kaleratzeak Stop eta IRPH Stop taldeek abiarazitako ekimena pobrezia eta desberdintasunaren aurkako neurrien barnean kokatzen da.

Kaleratzeak Stop plataformako ordezkariak ARGIAri adierazi dionez “orain arte etxe kaleratze agindu baten aurrean Udal eta administrazio publikoaren oposizioa egon denean etxegabetzea gelditu ahal izan da”.

Udalbatzak kaleratze arriskuan dauden familiei laguntza programa eskainiko die, baita aholkularitza zerbitzua ere. Etxebizitza hutsen errolda egiteaz gain bankuekiko bitartekaritza lana egingo dute, besteak beste.

Plataformako kideak adierazi du kaleratzeak gertatuz gero hainbat neurri aurreikusita dituztela: beste etxebizitza batzuen prestaketa, etxegabetzeen ekiditea kudeatuko duen pertsona baten izendapena edota etxebizitza hutsen inbentarioa, besteak beste. Edonola ere, etxegabetzeei aurre egiteko gako nagusia administrazio publikoarekin egin behar den etengabeko bitartekaritza dela adierazi du Kaleratzeak Stop taldeko kideak.

EAJk eta PPk ekimena onartu ez izana gaitzetsi du Kaleratzeak Stop taldeak. Alderdi jeltzalearen jarreraz mesfidati da plataforma Udal Gobernuak onartutako konpromisoak beteko ote dituen zalantza sorrarazten dietelako.

Alkatea bitartekaritza lanak egiteko prest

Santander bankuak Donostiako Martuteneko auzoko bizilagun bat kaleratu nahi du eta bere etxebizitza enkantean jarri.

Luis Fernandez bizilagunak lan istripu baten ondorioz kamioi gidari lana galdu zuen duela zazpi urte, eta bankuak ez dio bere maileguari aurre egiteko alternatibarik eskaini.

Eneko Goia Donostiako alkatea ostiral goizean plataformako kideekin harremanetan jarri da. Kaleratzeak Stop-eko ordezkariak azaldu digunez Fernandezen etxebizitzaren “enkantea gelditzeko bitartekaritza lana egiteko prest azaldu da” eta momentuz Udalarekin egiten ari diren bitartekaritza “bide onean” dioala esan du.